Lekarozko biribilgunean oinezkoendako igarobidea eskatzeko elkarretaratzea eginen dute bihar

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 15a, 16:00

Urriaren 16an 18:00etan biribilgunean bilduko dira herritarrak

Lekarozko Herriak erran duenez, «Elizondoko saihesbidearen proiektuak oinezkoendako igarobidea aurreikusten zuen Lekarozko biribilgunean, izan ere, herriko hilerria, bertzeak bertze, errepide berriaren bertze aldean gelditzen zen. Oinezkoendako igarobidea egin bitartean, zebrabidea margotu zuten, nolabaiteko irtenbidea ematearren. Duela hiru urte pasa, baina, Nafarroako Gobernuak zebrabidea ezabatu zuen eta orduko kontseilariak erran zuen irtenbide bat paratuko zutela epe motzean».

Hiru urte baino gehiago pasatuta, «biribilgunean ez dago oinezkoendako igarobiderik, herriak eta Baztango Udalak urtero eskatu badute ere, eta ohikoa da ikustea jendea errepidea nonahitik gurutzatzen, arrisku handiko egoerak sortuz».

Hori dela eta, «aski dela errateko unea ailegatu dela uste dugu, herritarrek behin eta berriz herriko batzarretan eskatu bezala. Elkarretaratze bat antolatu dugu urriaren 16an, 18:00etan, Lekarozko biribilgunean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun