Txokotoko presaren bazterreko aldea turistei hestea proposatu du Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 10a, 11:00

Ingurua berreskuratu eta babesteko proposamena landu du taldeak eta udalean aurkeztu du

Baztango Talde Ekosozialak azaldu duenez, «badira urte batzuk turista taldeak Iturriotzea eta Errotazainenea etxeen gibeleko alderaino joaten direla, presaren bazterreraino, inguru hori higatuz eta turistak herriko edozein tokitaraino mugarik gabe sartzen ahal direnaren sentsazioa indartuz».

Hori dela eta, alde batetik, «sarbidea mugatzea» eskatu du taldeak, «katastroaren arabera jabari publikoa baita». Horretarako, «debekuaren berri emanez kartela paratzea» eskatu dute, «barrideak salbuetsiz». Bertze aldetik, «tokia berroneratzeko sahats eta hurritz batzuk landatzea» proposatu dute, «uhalde ertzeko ohiko zuhaixkak baitira eta lurra atxekitzen lagunduko baitute, ur haunditan gertatzen den higadura ttipituz». Azkenik, «sahats eta hurritzak haunditzekin horko platanondoak kentzea» proposatu dute, «kanpoko espezieak direlakoz».

Taldeak egindako proposamen osoa leitzeko egin klik hemen.

«Neurririk gabeko turismoa»

Taldearen erranetan, «orain guti arte barrideen aldian behineko bisitaldiak bertzerik izaten ez zituen tokiak, gero eta gehiago parke tematikoaren itxura duen Txokotoko eta Elizondoko beheitiko karrikako bertze txoko bat iduri du, neurririk eta kontrolik gabeko turismoak bereganatutako tokia, presio antropikoa indartu duena, herritarrek horren gainean deus erran ahal izan gabe».

Toki horrek «denen onurarako izan beharko luke, baino haraino joan gabe, Muniarteko zubitik ederki gozatzen ahal baita. Hala, uhaldearen bazterra ibai ekosistemaren egituraren parte izanik, funtzio bereziak ditu, eta horregatik, herriguneko ingurune berezia behar luke, ibai ekosistemen adierazle, herritarrak ibai sistemen konplexutasunaz ohartzeko eta ingurumen kontzientzia haunditzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun