Bestak 2024

Ederki joan dira Anizko bestak asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 8a, 10:30

Hondarreko urtetan bezala, eguraldia lagun, giro ezin hobea izan dugu aurten ere Anizen

Argazkiak eta testua: Maitane Maritorena

Bestak ortzirale goizean hasi ziren, Oihan eta Maiderren musika soinuekin. Herriari itzulia eman eta frontenisean aritu ziren Anizko gaztettoak. Hegoi eta Elorri izan ziren txapeldunak. Frontenisean, krosean, dantzan… aritu ondotik, sabela betetzeko tenorea ailegatu zen. Anizko gazteak eta eta ez hain gazteak aritu ziren afaltzera joan ziren 126 laguni zerbitzatzen. Afaltzera joandakoak, lanean aritutakoak eta beranduxeago etorritakoak izan ziren Bizphiru pelau taldearekin dantzan eta kantuan aritu zirenak, eta larunbateko ordu ttipiak artio frontoian besta giroa luzatu zutenak.

Batzuk bestan zeuden bitartean, bertze batzuk larunbateko paella lehiaketako paella prestatzen aritu ziren. Lau taldetan partiturik, haur eta heldu nahaste aritu ziren bazkariko paella goxoena nork prestatuko. Unax, Elorri, Eñaut eta Lamak egindako paella izan txapelduna.

Bazkalondoan, mus eta partxis txapelketa izan zen, partxisean Unaik irabazi zuen; musean, berriz, Asierrek eta Iratxek. Arratsaldean herri kirol saio polita eskaini zuten Basaburua, Igantzi, Bera eta Arantzako gaztettoek, frontoia kaskezurreraino bete zuten parte hartzaileek eta beraiekin etorritakoek.  

Igande goizean Elizondoko Abesbatzaren kontzertua izan zen eta, zikiro jate ondotik, bingoa izan zen. Urtero bezala, bingoa dinamizatzen aritu zirenak Aitor eta Asier izan ziren, baina aurten Lazkao Txiki eta Txirrita bihurturik. Bingoan bildutako dirua Igorrek lortu zuen. Irri eta irri artean, kantatzeko tenorea ailegatu zitzaien bertaratutakoei. Sei taldetan banaturik, bozik hoberena nork zuen erakutsi nahian aritu ziren denak. Irabazleak parte hartzaile guztiak izan baziren ere, zilarrezko domina Ikusi mendizaleak kantatu zutenak izan ziren.

Akitzeko, suaren inguruaren kantaldia izan zen, hau ere giro ezin hobean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun