FUTBOLA

Ehun urteko historian bere partida garrantzitsuenaren atarian da Baztan Futbol Taldea

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 8a, 08:00

Baztan Futbol Taldeko jokalariak eta entrenatzaileak, entrenamendu batean, Giltxaurdi futbol zelaian, asteazkeneko partida garrantzitsurako prestatzen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Huescako Ontiñena taldea hartuko du asteazken arratsaldean Giltxaurdin eta partidako irabazleak lehen mailako arerioa izanen du Erregearen Kopan

Mendeurrenaren ospakizunetan dabil Baztan Futbol Taldea eta ederki hasi ditu ospakizunak, Nafarroako Superkopa irabaziz Zarramonzaren kontra. Honek, Erregearen Kopa jokatzeko eskubidea emanen liokeen partida jokatzeko eskubidea eman zion eta ailegatu da hitzordu garrantzitsua, seguruenik ehun urteko historiako partida garrantzitsuena. Urriaren 9an, asteazkenean 19:00etan hartuko du Elizondoko Giltxaurdin Huescako Ontiñena futbol taldea. Partida irabazten duenak, Erregearen kopako lehen kanporaketan lehen mailako talde baten kontra jokatzeko eskubidea izanen luke.

Erran beharrik ez da Baztan futbol taldeko jokalariak, entrenatzaileak, zuzendaritza batzordeko kideak eta zaleak aztoratuta dabiltzala asteotan, partida garrantzitsu honen esperoan. Txema Garaikoetxea, Baztan Futbol Taldeko presidenteak adierazi duenez, «irabazi ala galdu, nire ilusioa adibide ona ematea da eta jendeak txalo egin dezala. Ez dut irabazi eta iskanbilak izaterik nahi».

Jokalarientzak «maximoa» dela ere aipatu du Garaikoetxeak, «igual ez zaie inoiz gehiago horrelako partida bat jokatzea suertatuko, ehun urtetan ez du hemen bertze inork jokatu. Niri ere berriz jokatzeko gogoa sartzen zait».

Josema Osacar entrenatzaileak ere ilusioz bizi du partida eta inguruan sortu duen ilusioa ere ikusten du.«Talde ttikia gara, ez gaude finalak jokatzera ohituak. Belaunaldi onen bat izan dugunean hirugarren mailan aritu gara, baina gure lekua lehengo Preferente maila da, gaur egungo Autonomika. Hortaz, hau partida handi-handia da, arras garrantzitsua».

Hitzordua, beraz, urriaren 9an, asteazkenean 19:00etan izanen da Elizondoko Giltxaurdin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun