Baztango Liburutegi Publikoa hetsiko dute astelehenetik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 4a, 15:00

Udalak azaldu duenez, «behin behineko aterabide gisa planteatu zen liburutegiaren irekiera, Nafarroako Gobernuak liburuzain berria laster izendatuko zuenaren itxaropenean. Baina oraindik ez dugu liburuzainik, eta udalari ezinezkoa zaio hemendik aitzinera liburutegia irekita mantentzea»

Abuztuaren 29tik liburuzainik gabe dago Baztango Liburutegi Publikoa. Nafarroako Gobernuaren eta Baztango Udalaren arteko hitzarmenaren bidez kudeatzen da, eta hitzarmenaren arabera, udalak langileak kontratatzeko eskumena badu ere, Gobernuari dagokio liburuzaina izendatzea. Liburuzainik ez bada ere, zerbitzu murriztuak eskaini ditu udalak irailaren 11tik, herritarrei ikasteko eta lanak egiteko espazio bat eman nahian. Baina, adierazi dutenez, udalari ezinezkoa zaio astelehenetik aitzinera liburutegia irekitzen segitzea.

Adierazi dutenez, «behin eta berriz ari gara liburuzain berria exijitzen, baina administrazioak ez du bere ardura betetzen. Egoera larri hau konpontzeko asmoz, Nafarroako Gobernuari bertze aukera batzuk ere planteatu dizkiogu, baina ez dugu erantzun positiborik jaso».

Egoera «onartezina» dela salatu dute; «jakina da medikurik ez dugula. Orain liburuzainik ere ez dugu. Zer izanen da hurrengoa? Baztandarrak, eta oro har landa eremuko bizilagunak bigarren mailakoak gara?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun