Mendietako putzuak aztertzeko lantegia antolatu dute Baztanen urriaren 14rako

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 1a, 20:00

Igel gorria (Rana temporaria)

Anfibio, burruntzi eta sorgin orratzak bereizten ikasteko lantegia teoriko-praktikoa izanen da, Aranzadiren eskutik. Lekarozko aterpetxean bilduko dira urriaren 14an 17:00etatik 19:00etara

Talde Ekosozialak adierazi duenez, «baztandar talde bat bertako hezeguneak aztertzen aritu da aurten, putzuen ezaugarriak behatuz: kokapena, tamaina, inguruko landaredia, presio antropikoa eta azienden presioa, bertzeen artean». Lanketa horri segida emateko hitzordua izanen da baztandar talde horrek Talde Ekosozialarekin batera antolatu duena; lehenik alderdi teorikoa landuko dute eta ondotik praktikoa, Aranzadi zientzia elkartearen eskutik.

Helburua argi dute: «ondoko urtean hamar putzu horietako flora eta faunaren jarraipena egitea eta, horretarako, boluntarioak bilatu eta formatzea». Izan ere, «behaketak arras emankorrak izan dira, eta udaleko eta inguruko mendizainek ere lagundu dute. Aranzadiren proiektu handiago baten barnean sartua da azterketa, klimaren ondorioak ikertzea helburu duena».

Ondoko urteetan indikatzaileak diren espezieak laginduko dituzte, hala nola, odonatoak (sorgin orratzak eta burduntziak), anfibioak (igelak eta uhandreak) eta landaredia. Horretarako, «espezie bakoitza behatzeko urtaro egokiena hautatu behar da. Hortaz, ingurumen gaietan eta zientzian interesa duten herritarrek aukera dute bere interesekoa izaten ahal den lan saioan eta behaketan parte hartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun