Gudari egunaren ekitaldia egin dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 30a, 12:00

40 lagun inguru bildu ziren ortziralean Ahaztuen plazan, Baztango Sortuk antolatutako hitzorduan, Txiki eta Otaegi oroitzeko

1975ean frankistek Txiki eta Oteagi fusilatu zutela gogoratu zuten irailaren 27an Elizondon, Euskal Herriko bertze hainbat herritan bezala. Baztango Sortuk antolatu zuen ekitaldia eta Telesforo Monzonen hitzekin eman zioten hasmenta. Ondotik aurreskua, bertsoak eta bi hitzartze izan ziren, eta akitzeko Lepoan hartu ta segi aurrera eta Eusko gudariak kantatu zuten.

Irakurketan adierazi zutenez, «helburu bat zuen frankismoak fusilamendu haiekin: Euskal Herriaren askatasunaren aldeko ametsa galbidera eramatea. Euskal Herrian etsipena zabaltzea. Baina oker zebiltzan. Orduan ametsa zena, gaur sekula baino errealagoa delako. Askatasun haizeari mugarik jartzerik ez dago».

Datorren lan urteko erronkak ere zehaztu zituzten: «preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera ekartzea; joera eta jarrera erreakzionarioei aurre egiten segitzea; eta aldaketaren aldeko haizea hauspotzea. Bizitzak erdigunean izango dituen Euskal Herri askerako bidean», hain zuzen ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun