Nafarroako Kutxa Fundazioak bat egin du eskualdeko erronkekin

Ttipi-Ttapa 2024ko irailaren 27a

Nafarroa osoko errealitate sozial eta kulturala ezagutu nahi du Nafarroako Kutxa Fundazioak, eta horretarako jardunaldiak antolatu dituzte bortz eskualdetan. Atzo Elizondon bildu zen patronatua, Baztan-Bidasoko erakunde sozial eta kulturalen lanaren berri izateko. Cederna Garalur erakundeak, Malerreka Common Zerbitzuak kooperatibak, Bidelagun elkarteak eta Kanpoko Bulegoa kolektiboak parte hartu zuten topaketan.

Fernando Anbustegi alkateak ongietorria egin ondotik, Jose Angel Andres fundazioko lehendakariak hartu zuen hitza. Adierazi zuenez, «gizartearen erronka berriei erantzutea da gure helburua, proiektu berritzaileak babestuz eta sektore sozial eta kulturalak indartuz». Horretarako, «Nafarroaren aniztasuna» nabarmendu zuen, eta eskualde bakoitzaren egoera «bertatik bertara» ezagutzeko beharra.

Eskualdeko eragileak

Isabel Elizaldek Malerreka Common Zerbitzuak mikrokooperatiba aurkeztu zuen; «duela hiru urte sortu genuen, eskualdeko gizarteratze enpresen gabezia betetzeko. Gizarte zerbitzuekin lan egiten dugu, bazterketa jasateko arriskuan daudenei laneratzen laguntzeko, eta lorezaintza, garbiketa eta mantentze zerbitzuak eskaintzen ditugu nagusiki». Horrez gain, «berrikuntza sozialeko proiektuak lantzen ditugu, betiere lurraldea hobetu nahian».

Isidro Herguedasek Baztango Bidelagun elkartearen nondik norakoak eman zituen. «Boluntariotzaren bitartez, adinekoekin aritzen gara zahar etxean eta ospitaletan, eta sentsibilizazio solasaldiak egiten ditugu ikastetxeetan». Hala ere, boluntariotza lanetan aritzeko «borondate falta» aipatu zuen, «gizartearen aldaketa eta indibidualizazioaren ondorio». Etorkinekin ere lan egiten du elkarteak, «behar dutenei laguntza emanez», eta arropa zein altzarien bilketak egiten dituzte, horiei bizi berri bat emateko.

Cederna Garalur 1991tik ari da lanean, Arantxa Arregik azaldu bezala, «Nafarroako mendialdean garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzeko. Gaur egun hainbat arlotan aritzen gara; despopulazioa, lanpostuen sorrera, turismo jasangarria, bertako produktuen sustapena, energia burujabetza… lankidetza oinarri izanik».

Kulturaren aldetik, Kanpoko Bulegoa kolektiboko Marc Badal eta Anne Ibañez «arte garaikidea eta landa eremua hurbiltzeko proiektuez» mintzatu ziren. Langile kulturalak dira biak, eta Landarterekin ere aritzen dira, «herri ttikietan sormen prozesu partizipatiboak proposatuz».

Etorkizuneko erronkak

Baztan-Bidasoko egoera soziokulturala aztertuta, «arazo larrienetako bat etxebizitza dela» nabarmendu zuen Arregik; «etxe pribatu huts ugari daude, eta aunitzek zaharberritze garestiak behar dituzte». Herguedasek «burokratizazioaren oztopoak» gehitu zizkion, «hori dela eta, jende aunitz kanpora joaten da». Etorkinei eragiten dien arazoa da, «baina baita bertako gazteei ere», Izaskun Abril Cederna Garalurreko teknikariak azaldu zuenez. Hortaz, «auzolanaren eta komunitatearen aldeko aldaketa bat izaten ari da gazteen artean. Herritar ugariren artean etxe zaharrak berritzea eta etxebizitza kolektiboak egitea da eman dioten irtenbideetako bat. Ezin dugu administrazioaren zain gelditu; gizarteak erantzun behar du». 

Horrekin batera, «belaunaldi aldaketaren eta ekintzailetzaren arazoa» gehitu zuen Elizaldek; «enpresak sortzera animatu behar ditugu gazteak». Herguedas bat zetorren berarekin, «eskualdean ez dugu proiektu haundirik behar gizartea mugitzeko, proiektu ttiki aunitz baizik».

Kulturari dagokionez, «azken hamarkadetako aldaketa» mahaigaineratu zuen Badalek; «landa eremuan bereziki, kultura komunitatearen identitate nagusia izatetik, turismoari zuzendutako elementua izatera pasatzen ari da».

Bukatzeko, zer nolako laguntzak behar dituzten azaldu zioten partaideek fundazioari. Herguedasek «martxan dauden proiektuak balioan jartzeko eta laguntzeko beharra» adierazi zuen, eta Arregik «proiektu horien sozializazioa, herritar guziek parte har dezaten». Badalek «ezagutzen ditugun proiektuetan finantzazio-lerroen falta» azpimarratu zuen, eta Abrilek adibide gisa jarri zuen Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea; «mugaz gaindiko harremanak sendotzen dituen erakundea da, eta hainbat jardunaldi egin ditu lekuko artista ttikiekin. Batzuetan, kultur ekimen ttikiek finantzazio pixka bat aski dute ikusarazteko eta ezagutzera emateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun