Anizko frontoian eginen dute eskola ttikien besta, eta biharko egunari begira antolatzaileek lankidetza eskatu eta hainbat ohar eman dituzte.
Alde batetik, aparkatzeko toki mugatua dela eta, autoak jendez beteak eramateko eskatu dute, baita aparkalekuetan egonen diren arduradunen erranari kasu egiteko ere.
Bertzetik, bazkaria autogestionatua izanen dela oroitarazi dute, eta norberak bere edalontzia eta postrea jateko beharrezkoa duena eraman beharko ditu.
Zaborren harira, «zaborrik hoberena, sortzen ez dena» dela nabarmendu dute, eta bertzela, «zaborrontziak erabiltzeko» deia egin dute. Bide beretik, frontoiko komunak ongi zaintzeko ohartarazi dute.
Egitaraua ere aldatu behar izan dute. Ibilbide motza, adibidez, alde batera gelditu da, eta luzea egin nahi dutenei «arropa eta oinetako aldagarriak» eramateko aholkatu diete. Horrekin batera, «haurren aulkiekin ezin izanen dela egin» jakinarazi dute.