Nafarroako Fisioterapeuten Elkargoak hainbat solasaldi antolatu ditu Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 26a, 13:00

Lehenbizikoa heldu den astean izanen da, urriaren 1ean 19:00etan Arizkunenean. Ander Zulet fisioterapeuta minaz solastatuko da fisioterapiaren ikuspuntutik

Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak hiru solasaldi antolatu ditu hurrengo asteetan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Lehenbizikoa heldu den asteartean eginen dute:

Urriaren 1ean minak fisioterapiatik duen ikuspegiaz mintzatuko da Ander Zulet fisioterapeuta. Gaiari buruz jakin nahi duen herritar orori zuzendua egonen da solasaldia eta, bertzeak bertze, mina areagotzen duten faktoreak eta fisioterapiak betetzen duen funtzioa azalduko du.

Urriaren 23an zoru pelbikoari eta emakumeen inkontinentziari buruz solastatuko da Leyre Salmeron fisioterapeuta. Gernu inkontinentzia emakumeen artean hedatutako arazoa da, eta mintzaldian kasu ohikoenak, horien prebentzioa eta tratamenduak landuko ditu. Gernu higienea ere izanen du solasgai, eta hainbat esparrutatik landuko du gaia, bereziki fisioterapiatik.

Azaroaren 20an zaintzaileen zaintzari buruzko solasaldia emanen du Jose Manuel Rodriguez fisioterapeutak. Izan ere, fisioterapiak eginkizun garrantzitsua du zaintzan; ez bakarrik mendekotasuna duen pazientearen tratamenduan, baita zaintzailearen lanean ere, bertzeak bertze, balizko lesioak prebenitzeko eta laguntza teknikoei buruz aholkatzeko.

Hiru solasaldiak debalde izanen dira eta 19:00etan hasiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun