Baztango Talde Ekosozialaren berri emateko merienda-aurkezpena eginen dute urriaren 11n Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 25a, 17:00

Ikasturte berriarekin batera, afera ekosozialetan jakinmina duten herritarrei zuzendutako aurkezpena eginen du Baztango Talde Ekosozialak, urriaren 11n 19:00etan Amezti elkartean

Duela hiru urte sortu zen taldea, «kapitalismoa bizitzeko baldintza biofisiko eta sozial guztiak xehatzen ari dela kezkaturik; klimaren aldaketa, krisi energetikoa, biodibertsitatearen gainbehera…». Horiei buruzko mintzaldiak, mahai inguruak, elkarretaratzeak… antolatzen ditu taldeak, «alternatibei buruzko gogoeta bultzatuz». 

Horrez gain, «justizia sozialean eta lurraren muga biofisikoen barnean bizi ahal izateko proposamenak» lantzen ditu, «bidezko alternatiba horietan indar berezia egiten eta geroaldi zuzenagoa ahal dela guztiz sinetsirik».

Hortaz, gai horiekin kezkatuak dauden edo gehiago jakin nahi duten herritarrak gonbidatu dituzte aurkezpenera, eta mokadua hartzera bidenabar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun