Mutilatuak taldea nagusitu da Lekarozen jokatutako Bardoetako saioan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 23a, 12:00

Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Ekimenaren bigarren jardunaldia egin dute asteburuan. Eskualdeko talde bakarra aritu da, Baztango eta Bortzirietako Mutilatuak taldea. Garaipena lortu zuten ortziralean Lekarozen egindako saioan.

Lekarozko plazan egin zuten saioa ortziral arratsaldean 40 bat lagun aditzen zirela. Mutilatuak taldeko Iban Garrok egin zituen gai jartzailek lanak. Hiru bertsolari aritu ziren kantari.

Mutilatuak taldean Eneko Fernandez lesakarra, Julen Zelaieta beratarra eta Urko Gartzia lekaroztarra. Pirini Bardo taldean, aldiz, Itziar Mitxelena aranztarrak Fernando Ziganda eta Aritz Gale izan zituen kantukide.

Bortzirietako Hor Gu taldeko  bi kide eta publikoko bortz lagun aritu ziren epaile lanak egiten, eta Mutilatuak izan ziren irabazle.

Lehen faseko azken saioak aste honetan

Aste honetan jokatuko dituzte lehen faseko azken saioak. Asteazkenean Iruñeko Laban Mutilatuak eta EzKrashak taldeak ariko dira. Ortziralean, aldiz, Malerrekako Malerreka ez da Baztan taldearen txanda izanen da. Atarrabian ariko dira Argako Bixiguak taldearen kontra Azken Elkartean.

Leitzako bertsolariak dituen Manteleko Sobrak taldea ere ortziralean ariko da. 20:00etan izanen dute saioa Leitzako gaztetxean Drimtim taldearen kontra.

Baztango Baztanzopa taldeak, aldiz, bi saio izanen ditu aste honetan. Ortziralean Erronkarin Errimatuen Matxinatuak taldearen kontra ariko dira. Larubatean, aldiz, Erratzun eskualdeko taldeen arteko saioa izanen da. Baztanzopak eta Hor Gu taldea ariko dira 19:00etan Erratzuko Elkartean.

Asteburu honetako saioekin bukatuko dute Bardoetako lehen fasea. Bigarren fasea, aldiz, heldu den bi asteburuetan jokatuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun