Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango Eskola Ttikien bestaren antolaketa Zigako eskolan dauden eta egon diren gurasoen esku dago aurten. Tontorrera ailegatzeko malda franko lelopean, egun osoko egitaraua prestatu dute Zigako eta Anizko herriekin batera.
Asteburuan Elizondon eginen den behien ferian, aratxeki pintxoa jateko eta bestaren aurtengo kamisetak erosteko txosna paratuko dute igandean, 11:30etik aitzinera, Merkatuko zelaian. Gainera, neska-mutikoak txartelak saltzen arituko dira asteburu osoan.
Egitarau oparoa irailaren 28rako
Egun osoko egitaraua izanen du bestak. 10:00etan harrera ekitaldia eginen dute Zigako plazan. 10:30ean ibilaldia eginen dute eta bi aukera izanen dira: bide motza (2,2 km eta hamaiketakoa Zigan) eta bide luzea (7,3 km eta hamaiketakoa Anizen). 12:00etan, berriz, jolastokia eta aurpegien margoketa izanen da. 14:00etan elizako gorapean bazkalduko dute; bazkaria autogestionatua izanen da eta norberak bere edalontzia eta postreak jateko beharrezkoak eraman beharko ditu. Arratsaldean, 15:30etik aitzinera, hainbat jarduera izanen dira: puzgarriak, giza barredora, jokuen parkea, dantzaldia Andonirekin eta sotopilak.
Horrez gain, antolatzaileek zenbait ohar zabaldu dituzte irailaren 28an bertaratuko direnendako:
- Kotxeak, traktoreak… herri gainetik pasatzea saihestu beharko da. Belaiak irekiko dira aparkalekua izateko. Landetxeak dituzuenok kontuan hartu zuen bezeroen autoak.
- Zigaurre aldeko bidegurutzetik sartu beharko da herrira eta Aniz aldeko bidegurutzetik atera.
- Zaborrik onena, sortzen ez dena.
- Komunak elizako ataria eta eskolan izanen dira.