Elizondo Lanbide Eskolako Maria Eugenia Maiora Finlandian izan da bertako Lanbide Heziketa sistema ezagutzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 18a, 16:00

20 irakasle eta ikuskarirekin eta Finlandiako hainbat irakaslerekin batera, Helsinkiko eta Porvooko ikastetxeetan egin du elkarbizitza

Elizondo Lanbide Eskolako Administraritza departamentuko Maria Eugenia Maiora irakasle elizondoarrak ikastaroa egin du Finlandian, Erasmus+ beka bati esker, bertako Lanbide Heziketaren sistema ezagutzeko. 

Estatuko hainbat tokitako 20 irakasle eta ikuskarirekin eta Finlandiako hainbat irakaslerekin batera, Helsinkiko eta Porvooko ikastetxeetan egin du elkarbizitza, bertan erabiltzen diren metodologia berritzaileak bertatik bertara ezagutzeko.

Adierazi duenez, «deigarriena izan da Finlandian ikasleen ongizate fisiko eta mentala lehenesten dutela, atsedenerako eta aisialdirako espazioekin, eta estatuak hezkuntzan egiten duen inbertsio handiarekin. Puntu garrantzitsu bat enpresaren eta ikastetxearen arteko integrazioa da, eta Finlandian ikasleen % 50ak Lanbide Heziketa ikasten du».

Zalantzarik gabe, «hezkuntza sistemaz dudan ikuspegia zabaldu duen esperientzia izan da, eta ideia aunitz eman dizkit nire eguneroko jardunean inplementatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun