Urriaren 19an Baigorriko eta Baztango gazteak berriz ere elkartuko dira, hontakoan Elizondon, «bi haranak lotzen dituzten lotura historiko eta kulturalak sendotzeko asmoz». Hirugarren urtez antolatu dute Baigorriko eta Baztango Udalek Nor bizi da Izpegiren bertze aldean? topaketa, 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendua.
Egun osoko egitaraua
Jardunaldia goiz eta arratsalde osoan eginen da. Baztan Abentura Parkean hasiko dute eguna, Beartzungo auzoan, eta aire zabaleko hainbat jardueraz gozatzeko aukera izanen dute. Ondotik bazkaria eginen dute, parte hartzaile bakoitzak etxetik eraman beharko duena. Arratsaldean jarduera herrigunera eramanen dute, eta gazteek Elizondoko ondare kultural eta artistikoa ezagutzeko aukera izanen dute, horretarako diseinatutako josteten bidez. Jarduera guziak euskaraz izanen dira.
Topaketa «aukera paregabea da Baigorriko eta Baztango gazteek elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta adiskidetasun lotura berriak eraikitzeko». Azaldu dutenez, «bi udalerrien arteko lankidetza sustatzen dituzten proiektuen alde» egindako apustuaren barruan kokatzen da jarduera.
Izen ematea
Irailaren 16tik 30era egonen da irekia izen ematea eta plazak mugatuak izanen dira, hortaz, «ahalik eta azkarren izen ematera animatzen ditugu familiak». Baztango gazteek 689 03 50 78 telefonora deituz edo gizartezerbitzua@baztan.eus helbidera idatziz eman dezakete izena.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuekin jar daiteke harremanetan.