Lekarozko Meliton zinema-estudioen etorkizuna ezezaguna da oraindik, baina inplikatutako administrazioetako batek ere ez du baztertzen Baztanen bertze erabilera eta jarduera batzuk hartzeko eraldatzea. Nafarroako Parlamentuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken Batzordeko kideak bisitan izan ziren irailaren 11n eta Fernando Anbustegi, Baztango alkateak harrera egin zien.
Carlos Chocarro Nasuvinsako Industria Lurzoruko zuzendariordeak aitzineratu duenez, prest daude ikus-entzunezko sektorearen beharretara egokitzeko, bertze aukera batzuk baztertu gabe, «hemen kontua kontratu bat formalizatzea eta instalazioak errentagarri bihurtzea delako. Nabe handi bat dugu, bi plato eta bulego administratibo batzuekin, eta, behar izanez gero, bertze erabilera batzuetara egokitu daiteke. Ez dugu deus baztertzen», berretsi du.
Fernando Anbustegi Baztango alkateak ere jakinarazi du «edozein jarduera, jasangarria den bitartean, ongi etorria» izanen dela. «Ez gaude nabea zatitzearen aurka, ezta instalazioa birmoldatzearen aurka ere, garrantzitsuena edukiz betetzea baita, martxan jartzea”.
Zehazki, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken Batzordeak zinema, telebista, publizitatea eta ikus-entzunezko bertze produktu batzuk filmatzeko eta ekoizteko hornitutako azpiegitura publiko bat bisitatu zuen asteazkenean. Melitón Film enpresari esleitu zitzaion haren kudeaketa hogei urterako, baina Melitón Film enpresa irmo kondenatu zuten, instalazioak ia erabili gabe kontratua ez betetzeagatik (ordaindu gabeko errentengatiko kalte-ordaina). 2019ko abenduaren 13an inauguratu zituzten, milioi bat euro baino gehiago inbertsioa egin ondotik eta bortz urte hauetan ez da kasik erabili. Oraindik gehiago, Carlos Chocarrok jakinarazi duenez, «Melitón Estudiosek hilabete bakar bateko errenta ere ez zuen ordaindu eta Nasuvinsarekin duen zorra 565.000 eurokoa da».
Halere, Nasuvinsa bera da azpiegitura baldintza egokietan mantentzeaz arduratzen dena.
Nafarroako Parlamentuko ordezkari, Juan Luis Sanchez de Muniain (UPN), Maite Esporrín (PSN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Maria Solana (Geroa Bai), Maribel Garcia Malo (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) izan ziren Lekarozen.