Baztango Udalak behin-behinean irekiko du liburutegia ikasteko gaurtik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 11a, 12:30

Nafarroako Gobernuak liburuzain berria izendatu arte, ikasteko eta lanak egiteko soilik behin-behineko zerbitzu murriztua emanen dute, astelehenetik ortziralera 16:00etatik 20:00etara

Nafarroako Gobernuaren eta Baztango Udalaren arteko hitzarmenaren bidez kudeatzen da Baztango Liburutegi Publikoa, eta hitzarmenaren arabera, udalak langileak kontratatzeko eskumena badu ere, Gobernuari dagokio liburuzaina esleitzea.

Liburutegi publiko bat izaki, eta ez eskola liburutegia, kultura eta aisialdiaren alorrean kokatzen da. Hala ere, jakina da Baztanen ikasle aunitzek erabiltzen dutela liburutegia ikasteko eta behar horri erantzuteko asmoarekin ireki dute zerbitzu murriztua. Hortaz, liburuzain berria izan arte ez da ohiko mailegu zerbitzurik eskainiko eta ezin izanen dira liburuak edota bertzelako materialak kontsultatu.

Udalak azaldu duenez, liburutegira bideratutako aurrekontua zerbitzuaren errefortzurako edo ordezkapenak egiteko da eta, beraz, Nafarroako Gobernuaren esleipenaren zain egonen dira berriz ere ohiko mailegu zerbitzua eskaintzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun