Apartamentu turistikoak gelditzeko komunitateen estatutuak aldatzea aski dela oroitarazi du Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 10a, 15:00

Urtearen bukaeran bizitegi blokeetako bilkura aunitz egiten direla baliatuz, «etxebizitzaren eskubidearen arazoarekin sentiberak diren herritarrak» animatu dituzte haien komunitateetan apartamentu turistikoak galaraztera. Blokeetako estatutuetan, behe solairuetan ez bertze, jarduera komertziala espresuki debekatzea aski dela adierazi du Baztango Talde Ekosozialak

Azkeneko aldian «apartamentu turistiko berriak han-hemen agertzen ari diela» ikusita, duela zenbait hilabete abiatutako kanpainari segida eman dio Talde Ekosozialak. Izan ere, «apartamentu turistikoen ondorioa alokairuko bizitegien eskaintzan zuzena da, bai kopuruan, baita alokairu sarian ere. Eta horrek gogor kolpatzen ditu langileak eta herri sektoreak, bizitegia izatea aunitz baldintzatuz».

Apartamentu turistikoena «arazo franko orokortua da toki gehienetan, eta neurri eta erabakiak hartzen ari dira hirietan, baita herrietan ere. Berriki, Arabako Laguardiak erabaki du alde zaharrean apartamentu turistikoak egiteko baimen gehiagorik ez ematea».

Taldearen ustez, «krisi ekologiko eta sozial handi eta konplexu honetan, langile eta herri sektoreen bizimodu duina bermatu behar da, hori baita bidezko trantsizio ekosozialerako oinarria, bizimodu duina segurtatzea gehiengo sozialei».

Hala ere, «bizitegiaren aferak apartamentu turistikoen arazoa gainditzen du, etxe hutsak ere hor daude, errentismoaren kultura, negozio ikuspegia... Haatik, aipatu dugun komunitateetako estatuen aldaketa guztiz egingarria den zerbait da, horretarako aski da %60aren babesa». Hortaz, «urtearen azken txanpa honetan eginen diren komunitateen bilkurak aprobetxatu estatuetan aipaturiko aldaketak egiteko. Erraza da eta onura sozial handikoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun