Berroetan bizi diren Yorrick Troman eta Liesbeth Baelus bikote biolinistak duela urte bat abiatu zuten Orbit Musicians proiektua; munduari bira eman diote furgonetan, lau urteko alabarekin, musika txoko guztietara eramateko asmoz. 30 herrialde baino gehiago bisitatu eta 100 kontzertu baino gehiago eman dituzte, denak debalde. Gainera, solasaldiak, haurrendako saioak eta tailerrak ere eman dituzte.
Irailaren 12an biraren azken kontzertua eginen dute 19:00etan Berroetako elizako atarian. Kontzertu berezia izanen da, hainbat artisten parte hartzea izanen baitu; Gandeia taldea, Gartxito Anaiak eta Jackie Wackie.
Proiektuaren berri izateko eta diruz laguntzeko plataforma abiatu du bikoteak gofundme.com webgunean.