Arrakastatsua izan da Comète Sarea gogoratzeko jardunaldia Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 9a, 17:00

85 lagun inguruk parte hartu zuten Lauzetatik Amaiurrerako ibilaldian eta Amaiur eta Erratzuko zenbait bordetako familiak omendu zituzten ekitaldi nagusian

Argazkiak: Ondikol

II. Mundu Gerran hegazkinlariei muga zeharkatzen lagundu zien sare klandestinoa izan zen Comète, nazien jazarpenetik ihes egiteko helburuarekin. Parte hartu eta lagundu zuten guztien omenez, sarearen lagunak urtero biltzen dira eta aurten, sarearen 83. urteurrenean, Comète Baztan-Bidasoko kideei egokitu zaie ibilbidea antolatzea.

Lauzetatik atera zen ibilaldiarekin abiatu zuten egitaraua atzo goizean. 85 bat lagunek parte hartu zuten eta eguerdi partean ailegatu ziren Amaiurrerat. Bertan, ekitaldi nagusia egin zuten elkartean. Comète Baztan-Bidasoko lehendakari den Juanbi Mihurak, Ixabel Aleman Amaiurko alkateak, Fernando Anbustegi Baztango alkateak eta Ana Ollo kontseilariak parte hartu zuten, bertzeen artean, ekitaldian.

Horrez gain, Amaiurko eta Erratzuko Kanttorrenekomendia, Mortalen borda eta Jauriko borda etxeetako familiak omendu zituzten, sareari eman zioten laguntzagatik. Musika eta dantzarako tartea ere izan zuten ekitaldiaren barnean. Akitzeko, parte hartzaileek bazkari ederra egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun