Udazkenean Baztanen eginen diren ikastaroetako izen ematea zabalik irailaren 9tik 13ra

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 6a, 14:00

Bertzeen artean, gaita eta atabal ikastaroak izanen dira.

Baztango Kultur Zerbitzuak hainbat tailer antolatu ditu Arizkunenean udazkenera begira, eta heldu den astean ematen ahalko da izena

Irailaren 21ean sormen tailerra eginen dute Legoekin, 5-12 urte bitarteko haurrendako. Bi taldetan banatuko dira, lehenbizikoa 10:00etatik 11:30era eta bigarrena 12:00etatik 13:30era. Plazak bete arte egin daiteke matrikula, info@discoverbricks.es helbidean edo 636 479 965 eta 636 450 745 telefonoetan.

Urriaren 4tik aitzinera gaita ikastaroa izanen da, joan den ikasturtean aritu zirenei zuzendua, Mikel Ortegaren eskutik. 5-10 laguneko taldea eginen dute eta 20 orduko ikastaroa izanen da, ortziraletan 17:00etatik 18:00etara. Baztanen erroldatuek 60 euro ordaindu beharko dituzte, erroldatu gabeek 80.

Idaztea gustuko dutenek idazketa tailerra izanen dute Jon Alonsorekin, urriaren 30ean eta azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an. 6-12 pertsonako taldea eginen dute eta 18:00etatik 20:00etara bilduko dira. Erroldatuek 30 euro ordaindu beharko dituzte, erroldatu gabeek 40.

Azaroaren 2an, 9an, 16an eta 23an, berriz, plastika lantegia eginen dute La chincheta Brunako Sonia Ilzarbe eta Eneko Perezekin, 17:30etik 19:00etara. 5-11 urteko haurrei zuzendua izanen da eta prezioa partaide kopuruaren araberakoa izanen da: erroldatutako bi partaidek izen ematean 30 euro eta hiru partaiderekin 40 euro. Erroldatu gabeendako, aldiz, bi partaidek izena ematea 40 euro eta hiru partaiderekin 60.

Gaita ikasteko bigarren aukera azaroaren 9an abiatuko da, 20 orduko ikastaroan, Tomas Diaz Peñalvaren eskutik. Larunbatetan 09:00etatik 10:00etara bilduko dira, 5-10 laguneko taldean. Egun eta ordu berean atabala ikasteko aukera ere izanen da, bertze 5-10 laguneko taldean, Shanti Diaz Carmonarekin. Bi ikastaroetan erroldatuek 60 euro ordaindu beharko dituzte, erroldatu gabeek 80.

Tailerren izen ematea irailaren 9tik 13ra egonen da zabalik, Arizkunenea Kultur Etxean, kultura@baztan.eus helbidean edo 948 581 279 telefonoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun