Baztango Musikazaleen Elkarteak Zapatillera proiekturako dirua lortzeko kanpaina abiatu du. 2021ean sortu zuten egitasmoa Elbeteko oinetako fabrika zaharrean, bertako musika taldeek entseatzeko espazio bat izateko beharretik abiatuta. Musika zaletasuna sustatzea eta zuzeneko musika indartzea du helburu proiektuak.
Baztango Udalarekin hitzarmena sinatu zuten fabrika alokatu eta egokitzen laguntzeko, baina bi urteren ondotik, udalak hitzarmena hautsi zuen kexa batzuk tarteko. Hori dela eta, Zapatillera Lagun kanpaina abiatu dute dirua biltzeko. Laguntzaileak, 30 euroko ekarpena eginda, urte osorako Zapatillera Lagun izanen dira, hau da, antolatutako kontzertuetarako sarrera dohainik izanen dute, eta kamiseta bat lortuko dute.
Harremanetarako eskuragarri dute elbetezapatillera@gmail.com helbide elektronikoa eta 665 88 02 20 telefono zenbakia.
Kontzertua irailaren 13an
Kanpainari hasmenta emateko, Urtaro bat, kontzertu bat ekimena abiatu dute, hau da, urtaro bakoitzeko kontzertu bana antolatuko dute. Lehenbizikoa Elbeteko bestetan izanen da, irailaren 13an 18:00etan, eta bi taldek joko dute; Baztango Bidenabar taldeak akustikoan eta Ziburuko Fusible postrock taldeak. Sarrerak guttieneko bortz euroko prezioa izanen du eta bildutako dirua Aroztegiko auzipetuen sustengurako izanen da. Gainerako urtaroetako kontzertuak aitzinerago iragarriko dituzte.