Baztango Euskara Zerbitzuak bi dirulaguntza deialdi egin ditu irailean, euskara sustatzeko helburuarekin.
Lehenbizikoa Baztanen euskara ikasten duten herritarrak diruz laguntzeko izanen da. Zehazki, 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra egindako ikastaroen matrikula gastuak ordaintzea du helburu, eta onuradunek gehienez ere 435 euro hartuko dituzte deialdi bakoitzeko. Baztanen erroldatuak dauden 16 urtetik goitiko herritarrek eska dezakete laguntza, eskabide orria betez eta guttienez kurtsoaren % 80ko aprobetxamendua egiaztatuz. Deialdiaren xehetasunak ikusteko egin klik hemen.
Bigarren deialdia Baztango hizkuntza paisaia euskaratzeko izanen da, hau da, elkarte, merkatari, ostalari eta enpresei zuzendua. Komertzioen errotuluak euskaraz paratzeko 2.000 euroko aurrekontua du udalak eta honakoak lagunduko ditu: errotuluak (kanpoko errotuluak, toldoak, erakusleihoak…), irudi korporatiboa (kartazalak, bisita txartelak, poltsak…) eta webgunea euskaraz paratzeko gastuak.
Euskara hutsean idatzitako errotulazio elementuek gastuaren % 50 bitarteko dirulaguntza hartuko dute, 500 euro gehienez ere. Euskaraz eta erdaraz idatzitakoek, berriz, gastuaren % 25 bitarteko laguntza, 250 euro gehienez ere. Deialdiaren baldintzak eta eskabidea eskuragarri daude hemen.
Bi dirulaguntzetan eskaera egiteko epea irailaren 30era arte luzatuko da.