Bestak ortziralean hasi ziren, eta altxaferoa alkatetza taldeko kideek bota zuten. Programan iragarrita zegoen bezala, haurrendako bazkaria, puzgarriak, tonbola eta txokolatada izan ziren. Gauean, ohikoa den bezala, baztan zopak hartu genituen; 180 pertsona inguruk afari eder batez gozatzeko aukera izan zuten. Gerora, bestak berandu arte iraun zuen herriko plazan Bizphiru Pelau taldearen eskutik.
Larunbatean eguraldiak lagundu zuen eta dantza emanaldi ederra izan genuen, baita postre eta tortilla patata lehiaketa ere. Tortilla irabazlea Gexan Lazkanorena izan zen eta postre lehiaketan Desi Vinagrek irabazi zuen. Gainera, sari berezi bat eman zen, herriko neska gazteek sekulako postrea egin baitzuten. Arizti elkartean, berriz, mus txapelketa izan zen. Gauean kontzertuak izan genituen eta kanpotik jende aunitz hurbildu zen gurera.
Igandea goizean erraldoiak herritik barna ibili ziren, musika lagun zutela. Arratsaldean, aldiz, Grand Prixa izan zen. Bistakoa da jendeari aunitz gustatzen zaiola, izan ere, laxo zelaia jendez lepo zegoen. Eguna bukatzeko, kantaldia izan genuen Bidenabarren eskutik.
Astelehena, azken eguna, herritarrendako eguna izan zen. Goiz partean bizikleta martxa egin zen eta ttikiak, aldiz, altxorraren bila jokoan aritu ziren. Eguerdia, zikiro jatea izan genuen eta arratsalde partetik aurrera dantzaldia Beñat Mitxelenarekin. Giro ezin hobea izan dugu aurtengo bestetan.