Jokin Bergarak 'Adaxka lehorrak' liburua aurkeztu du Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 2a, 15:00

Krisi eta trantsizio ekosozialera sarbidea eskaintzen duen saiakera aurkeztu zuen Eibarko soziologoak joan den ortziralean Elizondoko Ahaztuen plazan, Baztango Talde Ekosozialak antolatutako hitzorduan

Aurkezpenean adierazi zuenez, «egungo ekonomiak eta gizarteak planetak bere burua berritzeko duen gaitasunaren gainetik kontsumitzen dituzte lehengaiak, eta horrek, planetaren ahalmenaren gainezkatzea dakar. Hori bereziki klima aldaketan, energiaren krisian eta biodibertsitatearen galeran nabari da». Egoera horretatik abiatuta, «Euskal Herrian egin beharrekoaz aritu zen, erantzunak baino, galderak pausatuz, gogoetarako gai nagusiak izan daitezkeenak aitzinatuz».

«Gainezkatze ekologikoaren eta trantsizio ekosozialaren gaia erdigunerat ekarri beharra» aipatu zuen Bergarak, eta trantsizio hori «gehiengo sozialen alde bultzatu behar dela, ez elite baten pribilegioak bermatzeko. Halaber, trantsizioak munduko herrien artean bidezkoa izan behar du, eta horretarako, bertzeren artean, nazioarteko merkataritzaren kontrola indartu beharko litzateke».

Bertzalde, «Ipar globalean bederen, gutiagorekin bizitzen ikasi beharko dugula» erran zuen, «baina lehen aipaturiko gehiengo sozialei bizitza duina bermatuz. Desazkundeaz ere mintzatu zen, ñabardura eginez desazkundea ez dela lurralde eta sektore guztietan proportzionala izan behar, alor batzuetan goiti egin behar dela, osasungintza publikoan, adibidez; eta bertze batzuetan beheiti».

Gainerakoan, «gaiaren premiazkotasun edo urgentziaz ere aritu zen, bertze borroka askatzaileek ez bezala, trantsizio ekosozialak ez baitu geroratzeko tarterik uzten. Eta hor belaunaldien bizipen desberdindua sartu zuen. Gazteen artean geroa ebasten ari zaizkienaren nolabaiteko bizipena dago, planeta baliabiderik gabe, higaturik, klima aldaturik… utziko zaiela. 2019an Greta Thunbergen arrimuan izandako gazteen mobilizazio jendetsu eta orokortuak aipatu zituen, pandemiak gelditu zituenak. Belaunaldi berrietan potentzial handia dagoela» erran zuen Bergarak.

Bertzalde, «tokikoaren eta globalaren arteko harremanaz aritu zen, biak nola uztartu, jakinik erabaki aunitz tokikoan baino maila gorakoetan hartzen direla, Europako Batasunean, OTANen… gaia Euskal Herrira ekarrita, gure herria oraintsu arte nagusiki industriala izan da, makina-erremintara eta autogintzara emana, inpaktu eta energia kontsumo handiko industri-ereduan oinarritua, hain zuzen. Nola bermatu lanpostuak, eta, aldi berean, trantsizioa egin? Horri nolabait erantzunez, Florentziako GKN eta Urdulizeko Mecanerreko esperientziak aipatu zituen».

Gainerakoan, «trantsizio ekosozialaren agendak nagusi diren ikuspegiak eta aspirazio indibidual eta kolektiboak ezbaian paratzen dituenez, gutiagorekin bizi behar denaren diskurtsoa eta horren araberako proposamenak adibidez; nola nagusiarazi halako ideiak eta nola irabazi hauteskundeak, hauteskunde lehian oinarritzen den sistema demokratiko liberal batean?».

Azkenik, «Euskal Herria herri ttikia da, zatitua, estaturik gabekoa, eta guk ez dugula mundu mailako arazoa konponduko» erran zuen Bergarak, «baina konponbideen parte izan behar dugula. Zeren Euskal Herriaren behar energetiko eta materialen arabera, 2,5 planeta beharko lirateke mundu guztia kabitzeko. Lehengaien eta energiaren gehiena kanpotik ekartzen dugu, hemen balio erantsia ematen zaio, lan aurreratuko prozesuen bidez. Hortaz, gurean ere gaia saihestezina da».

Modu horretan, «erantzun borobilak emanez baino, atakaz eta erronkez gogoeta egiteko galderak pausatuz burutu zuen liburuaren aurkezpena. Gai hauetarako hurbilpen gisa aproposa den liburuxka, Iratzar Fundazioak eta Txalaparta argitaletxeak argitaratua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun