Arronizen bana berdindu ondotik, Giltxaurdin irabaztea aski zuen Baztan Futbol Taldeak Nafarroako Superkopa lehen aldiz lortzeko, elkartearen mendeurrenean. Ez zuen hutsik egin eta 5-1 garbi batekin, titulu eskuratzeaz gain, Espainiako Erregearen Kopan lehen mailako talde baten kontra aritzeko eskubidea eman dezakeen aurrekanporaketa jokatuko du.
Superkopako partida garrantzitsua baino lehen omenaldiak ere izan zituzten Giltxaurdin. Elkarteko presidente izandako Lander Santamaria, Laureano Calvo, Esteban Ustariz, Antton Olondriz, Luis Mari Iturriria eta Felix Gonzalez omendu zituzten, Aurresku batekin eta oroigarriekin. Minutuko isilunea ere gorde zen berriki hildako Mayi Juanikotena, Baztan Futbol Taldeko bazkide eta jarraitzailea, gogoratuz.
Baztan futbol taldea nagusi izan zen partidaren hasieratik, baina Zarramonzako atezainak zapuztu zituen etxekoen aukera gehienak. Ez ordea Imanol Zokoren lehen gola, 17. minutuan. Markagailuko aldea zabaltzeko aukera gehiago ere izan zituen Baztanek, baita bakarren bat Zarramonzak ere, baina dena zabalik uzten zuen 1-0arekin joan ziren atsedenaldira.
Zazpi minututan erabakia
Bigarren zati hasiera, ordea, ezin hobea izan zen Baztan futbol taldearentzat. Hirugarren minutuan, bigarren txartel horia ikusi zuen Zarramonzako jokalari baten eta segidan bigarren gola sartu zuen Elur Meokik eta, gero, hirugarrena Unai Bengoetxeak. Partida eta finala ia erabakita, ohorezko gola lortzen saiatu zen Arronizko taldea eta penalti baten bitartez lortu zuen (3-1). Baina Baztanek bertze bi gol egin zituen partida bukaera aldera, Javier Urrutia eta Ion Osacarren bitartez.
Kiroltasun handiz jokatutako partida izan zen eta Zarramonzakoek pasilloa egin zieten Baztangoei hauek Superkopako txapeldunaren garaikurraren bila joan zirenean.
BAZTAN: Unax Bidegain, Unai Bengoetxea, Aritz Maisterrena, Niko Humber (Xabier Bengoetxea), Elur Meoki, Haritz Nuñez (Ion Osakar), Ander Zelaieta (Javier Urrutia), Xuban Telletxea (Iñigo Dendarieta), Imanol Zoko (Markel Torres), Mikel Ariztia (Aimar Larralde) eta Aritz Zoko.
ZARRAMONZA: Azcona, Julen (Koldo), Lacalle, Mauleón (Sergio), David, Zozaya (Echeverría), Iturralde, Ausejo (Rodrigo), Xabier (Josu), Basterra (Ocáriz) eta Caruso.
Golak 1-0, 17. min: Imanol Zoko. 2-0, 48. min: Elur Meoki. 3-0, 51. min: Unai Bengoetxea. 3-1, 69. min.: Rodrigo (p.). 4-1, 75. min: Javier Urrutia. 5-1, 80. min.: Ion Osakar.