Bigarrenez ospatuko dituzte Izpegiko bestak irailaren 20an eta 21ean

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 30a, 14:00

Bigarrenez ospatuko dituzte aurten bestak eta irailaren 20an eta 21ean izanen dira.

Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazteak bigarrenez elkartu dira Izpegiko bestak antolatzeko. «Herria zatitzeko inposatutako mugen gainetik, zubiak eraikitzeko eta saretzeko asmoz» antolatu dituzte bestak.

Atzo aurkeztu zuten egitaraua Izpegin egidako agerraldian. Bigarren edizioa izanen dute aurtengoa, eta asimilazioan paratuko dute fokua. «Asimilazioa da XXI. mendean estatu zapaltzaileek herri hau zapatzeko erabiltzen duten tresnarik boteretsuena», nabarmendu dute. Bide horretan salatu dute «euskaraz bizi izan garen herrietan ere erdarak geroz eta eremu gehiago irabazten ari direla».

Bide beretik, euskarak «herri aktibo bat» behar duela nabarmendu dute: «Sareak, loturak, aliantzak, egitura propioak izan ezean ez du iraunen, egungo egiturek eskualdean kontrako zapalkuntza bat eskatzen du ezinbertzean. Horrek gugan guziengan engaiamendu bat eskatzen du ezinbertzean. Egun puntualetan ez ezik, egunerokora eraman behar dugun ariketa da».

Aroztegiko auzian inputatutako zazpi lagunak ere oroitu zituzten atzoko aurkezpenean eta elkartasuna adierazi zieten: «Herriak bere burua defendatzea zilegi bezain beharrezkoa da, batez ere gobernuek egiten ez dutenean. Herri hau desagerrarazteko makinaria martxa da, asimilazioa isila bezain agerikoa baita».

Egitarau zabala

Egitarauari dagokionez, ortziralean, irailaren 20an, hasiko dira ekitaldiak Dom Campistronen eta Asisko Urmenetaren marrazki emanaldiarekin. 20:00etan izanen da Bereko Bentan. 

Biharamunean izanen du bestak segida, larunbatean, irailaren 21ean. Goizean, mendi martxa abiatuko da Baigorritik Izpegira. 11:00etan bizikleta igoera eginen dute Izpegiko lepora, Baigorriko elizako plazatik abiatuta. Ordu berean Izpegin 11:00etan Porrotxekin Irri, kantu eta jolas emanaldia izanen da.

12:00etan zintzur bustitzea izanen da Baigorriko eta Erratzuko gaiteroekin eta Inen da zeit txarangarekin. Ondotik, 13:00etan eginen dute ekitaldi nagusia.

Bestak antolatzen aritu diren herritarrak atzo Izpegin egindako aurkezpenean.

14:00etan bazkari herrikoia izanen da Inen da zeit txarangak alaituta. Txartelak Baigorriko Oronoz saltegian, Erratzuko Zubi Punta ostatuan, Elizondoko Txokoto tabernan eta Basaizearen webgunean paratuko dituzte salgai.

Arratsaldean izanen du segida egitarauak. 17:30ean Elektrotxorongorekin poteoa izanen da Izpegiko hiru bentetan eta 21:00etan afari eskaintza izanen da Baigorriko Ikastolak antolaturik.

Eguna bukatzeko 22:30ean kontzertuak izanen dira: Spartak Dementziala, Tatxers eta DJ Üzkülüz.

Antolatzaileek Izpegiko bestak denentzat leku segurua izatea nahi dute, eta horregatik diote ez dutela erasorik onartuko. «Izan eraso fisiko edo moralak, behar diren baliabideak ezarriak izanen dira horiek saihesteko eta zerbait gertatuko balitz, berehalako neurriak hartuak izanen dira erasoari erantzuteko».

Autobus zerbitzua

Izpegiko lepora igotzeko eta bertatik jaisteko autobus zerbitzua izanen da egun osoz bai Baigorritik, eta baita Elizondotik ere.

Igotzeko 10:00etan, 12:00etan eta 19:00etan aterako da autobusa Elizondotik, eta Erratzutik ere pasako da. Itzultzeko, aldiz, 20:30ean, 03:00etan eta 06:00etan aterako dira autobusak Izpegiko lepotik eta Erratzun geldialdia eginda Elizondora joanen dira.

Baigorrira ere izanen da zerbitzu bera. Igotzeko 11:00etan, 13:00etan, eta 20:00etan aterako da autobusa Baigorritik, eta itzulerako autobusa 19:30ean, 02:00etan eta 05:00etan izanen da.

Zerbitzuak 3 euroko prezioa izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun