FUTBOLA

Nafarroako Superkopa larunbatean erabakiko da Giltxaurdin

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 30a, 08:00

Zarramonzak eta Baztanek bana berdindu zuten joaneko partidan Arronizen. Beraz, Giltxaurdin erabakiko da Nafarroako Superkopako txapelduna.

Espainiako Erregearen Kopako aurre kanporaketa jokatzeko eskubidea emanen duen  titulurako itzulerako partida jokatuko dute Baztanek eta Zarramonzak, joanekoan Arronizen bana berdindu ondotik

Nafarroako futbolean 2024-25 denboraldiko lehen titulu ofiziala jokoan izanen dute Baztan futbol taldeak eta Arronizko Zarramonza taldeek abuztuaren 31n, larunbatean 18:00etan hasita Elizondoko Giltxaurdi zelaian. Itzulerako partida izanen da eta, joanekoan bana berdindu zuten joan den igandean Arronizen.

Irabazleak, denboraldiko tituluaz gain, sari handia izanen du: Espainiako Erregearen Kopa jokatzeko aurre kanporaketa jokatzeko eskubidea. Hau gaindituz gero, lehen mailako talde baten kontra jokatuko luke etxean.

Zarramonza taldeak joan den urtean Nafarroako Federazioaren Kopa irabazi zuen, finalean Nafarroako Unibertsitateko taldeari 2-1 irabazita eta horrek eman dio Superkopa jokatzeko eskubidea. Baztan futbol taldeak, berriz, hirugarren mailara igotzerik ez zuen lortu, Garesen kontrako kanporaketa galduta eta horregatik jokatuko du Nafarroako Superkopa.

Mendeurrenaren urtea titulu batekin eta sari potolo batekin hasteko aukera du, beraz, Baztan Futbol Taldeak eta zaleen babesa beharko du larunbat arratsaldean Giltxaurdin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun