Baztango elkarteek kultur jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dute

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 1a, 10:00

Argazkian Iruritako dantzariak.

Baztango Udalak gehienez 6.000 euroko partida onartu du guraso elkarteek antolatutako kultur jarduerak diruz laguntzeko, eta 22.000 eurokoa gainerako elkarteendako.

Guraso elkarteendako laguntzak

Guraso elkarteendako dirulaguntza deialdiaren helburua «haurren kultur prestakuntzan lagunduko duten egitasmo eta jardueren garapena sustatzea» da, eta horregatik erabaki du Baztango Udalak Baztango guraso elkarteei baliabide ekonomikoak bideratzea.

Ondoko ezaugarriak dituzten jarduerak hartuko dituzte kontuan: «Euskararen erabilera bultzatzea; formakuntzakoak izatea (ikastaroak, lantegiak, hitzaldiak...); sormenekoak (erakusketak...) izatea; artistikoak (antzezlanak, bideo emanaldiak, kontzertuak...) edo antzeko izaera duten jarduerak izatea; herritar guziendako irekiak izatea eta ikuspegi inklusiboa eta hezkidetzakoa duten kultur jarduerak izatea».

2023ko azaroaren 1etik 2024ko azaroaren 1era bitarte egindako jarduerak lagunduko dituzte diruz, eta deialdi honetarako diru kopurua, gehienez ere, 6.000 eurokoa da. Eskaerak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 3an akituko da.

Bertze elkarteendako laguntzak

Baztango elkarteek jarduera kulturalak antolatzeko dirulaguntzak ere emanen ditu udalak, eta kasu honetan, deialdi honetarako diru kopurua, gehienez ere, 22.000 eurokoa izanen dela iragarri du. Kasu honetan ere, «euskararen erabilerari laguntzen diotenak izatea; formakuntzak (ikastaroak, lantegiak, hitzaldiak...) izatea., sormen lanak (erakusketak...) izatea, artistikoak (antzezlanak, bideo emanaldiak, kontzertuak...) edo antzeko izaera duten bertze batzuk izatea, herritar guziendako irekiak izatea eta genero berdintasuna edota emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa sustatzea» hartuko dituzte kontuan.

Irabazi asmorik gabeko Baztango elkarteek eskatzen ahal dute dirulaguntza, eta 2023ko azaroaren 8tik 2024ko azaroaren 8ra bitarte egindako jarduerak sartuko dira.

Emanen den gehienezko zenbatekoa ez da diruz laguntzen ahal diren eta onartu diren gastuen % 75 baino gehiago izanen. Eta bide beretik, onuradunek ezin izanen dute 6.000 euro baino gehiago hartu deialdi bakoitzeko. Gastuen justifikazioa aurkezteko epea 2024ko azaroaren 8ra arte izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun