Baztango osasun zerbitzu publikoaren egoera salatzeko manifestazioa eginen dute irailaren 29an

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 28a, 15:00

200 lagunetik goiti bildu ziren atzo Elizondoko Arizkunenean, Baztango Osasun Plataformak deituta egindako bilkura irekian. Antolatzaileek onartu dute jendearen erantzunak «aurreikuspen guziak gainditu» zituela. Hilabete hondarrean manifestazioa eginen dutela iragarri dute.

Bilkuraren hasmentan, Baztango Osasun Plataformako kide batek hartu zuen hitza, eta atzoko deialdiaren zergatia esplikatu zuen: «Haren beharra izan duen edozeinek badaki osasun zerbitzu publikoaren egoera tamalgarria dela, Nafarroa mailan oro har, eta Baztanen konkretuki». Egoera ikusita, «antolatu eta mobilizatu» beharra dagoela azpimarratu zuen, «osasun sistema publikoaren, duinaren eta unibertsalaren alde, ez dezaten osasun zerbitzurako eskubidea ordaindu dezaketenek bakarrik izan».

Segidan, Lazaro Elizalde Nafarroako Osasun Plataformako kidea solastatu zen. Bertzeak bertze, plataformak osatua duen proposamenaren berri eman zuen: «Zerbitzu pribatuei baliabide ekonomiko bakar bat ere ez bideratzea; osasun integralari erantzunen dion sistema bat osatzea. Eriak sendatzeko bai, baina prebentzioan eta osasun egoera ona mantentzean ere lan eginen duena; psikologo, fisioterapeuta eta bertzelako zerbitzuak, modu mugikorrean, osasun eremuen inguruan egituratzea, egungo zerbitzua osatzeko; osasun langileekin elkarlanean aritzea, ulertu eta barneratu dezaten beraien lanak interes orokorrari erantzun behar diela eta horretarako egin beharreko moldaketekin jarrera baikorra izan behar dutela; urtean 200 milioi euro gehiagorekin Nafarroako Osasun Sistema ongi funtzionatzen jartzen ahal dela. Horietako 100 milioi lehen arretara bideratu beharko lirateke».

Bilkuran bildutako herritarrek ere hitza hartu zuten. Konparazio batera, Nafarroako osasun kontseilariaren inplikazioa eskatu zuten, eta Baztango kideek azaldu zutenez, «Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko udal ordezkariak osasun kontseilua bildu nahian ari dira ekainetik, baina ez dute Nafarroako Gobernuko kontseilariarekin edo bere ordezkariekin bilera soil bat egitea lortu, azken horien agenda edota borondate arazoengatik».

Bertze partaide batek Baztango kontsultategietako egoera azaltzeko eskatu zuen, eta adibide batekin erantzun zioten: «Egun Elizondoko zentroan mediku bakarra ari da lanean, eta hiruk egon beharko lukete».

Altsasuko Osasun Plataformako kide bat ere gonbidatu zuten, beraien borrokaren berri emateko. Izan ere, Baztango plataformak esplikatu duenez, «Altsasu inguruko lehen arreta egoera tamalgarrian zegoen duela urte batzuk, eta mobilizazioen eta borrokaren bidez, egoera normaltzea lortu dute».

Manifestazioa Elizondon

Irailaren 29an eginen duten manifestaziorako deiarekin borobildu zuten atzoko saioa. Elizondon eginen dute, 12:00etan hasita. Baztango Osasun Plataformak «manifestazioa antolatzeko taldea indartzeko beharra» azpimarratu zuen. Bada horri erantzunez, «hainbat baztandarrek eman zuten izena antolakuntzan parte hartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun