Bestak 2024

Giro ezin hobean joan dira Lekarozko bestak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 27a, 18:00

Bestak giro onean pasatu dituzte lekaroztarrek, abuztuaren 22an hasi eta 26raino. Denetariko egitaraua izan dute, herritar guztiek, heldu, gazte nahiz haurrek disfrutatzeko modukoa.

Argazkiak: Saioa Elizondok utzitakoak / Testua: Aintzane Ariztegi

Herritarren arteko desafioa izan zuten egitarauko lehen parada bezpera egunean. Oier Ariztegi eta Eñaut Jausaratsen arteko apustuan, herriko plazatik Legate mendiko tontorrerat bizikletaz eta lasterka igo behar zuten eta akitzeko, plazan aizkoran aritu ziren buruz buru. Froga ez zuten bakarrik egin Ariztegi eta Jaunsaratsek, lehenak Gorka Aldako izan zuen lagun bizikletan eta bigarrenak Joseba Oskariz lasterka. Bigarren bikoteak akitu zuen lehenik desafioa eta bota zuen altxaferoa, bestei irekiera ofiziala emanez. Eguna borobiltzeko, baztan zopak izan zituzten afaltzeko eta ondotik dantzaldia Beñatekin plazan.

Bestondoari aurre eginez, biharamunean Gazte Eguna ospatzeko bazkarian bildu ziren herriko gazteak elizako gorapean. Mahaitik zutitu eta plaza inguruan giro bikainean ospatu zituzten auzoen arteko gazte olinpiadak. Arrazkazan, Oharriz eta Uharteko gazteek osatutako taldea izan zen garaile. Txorongo txarangaren doinuetan iragan zen arratsaldea eta gaualdera Skareggaekasko, Ursumari, Akts eta DJ Wester izan ziren gaua alaitzearen arduradunak.

Larunbatean, San Bartolome egun nagusian, familiarteko giroa nagusi izan zen plaza inguruan, dantzei begira eta eguerdiko bermutean. Bazkarien ondoko tartean Aire Ahizpak izan genituen oholtza gainean eta ondotik, sorpresaz agertu ziren Etxenikeko balkoian herriko bi gazte musika jartzaile lanetan, txoznan mojitoak prestatuko zituztela jakinarazi ondotik. Bidean Erromeriak larunbat gauari doinua jarri zion, DJ Uzkuluzekin batera, eta bertakoak zein kanpokoak dantzan jarriz, xirimiria bigarren planoan uztea lortu zuten.

Igandea herriko ttikiendako egun inportanteena izanen zen segur aski, haurren eguna baitzen. Erraldoi eta puzgarriekin goiz ederra pasa zuten, elkartean bazkaltzera bildu aitzinetik. Arratsaldeari hasmenta Kidam Magoak eman zion, heldu eta gazteak aho bete hortz utziz. Bizphiru Pelau erromeriak alaitu zuen plaza ingurua gero.

Bestak hasten diren bezala, akitu ere egiten dira. Baina lekaroztarrek ez dituzte indarrak bidean galtzen. Hondar eguna herriaren eguna da, denek elkarrekin ospatzeko. Auzolana eta dibertsioa uztartuz, mahai muntaketa eta futbol partida izan genituen goizean. Herri bazkarian bildu ginen herritarrak ondotik frontoian, eta Beñat akordioilariarekin bestak hasi bezala akitu genituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun