FUTBOLA

Nafarroako Superkopa jokatuko du Baztan futbol taldeak Zarramonzaren kontra

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 23a, 09:00

Hirugarren mailara igotzeko kanporaketa galdu zuen Baztanek Garesen kontra, baina Nafarroako Superkopa jokatzeko aukera izanen du orain. Argazkia: Ondikol

Espainiako Erregearen Kopako aurre kanporaketa jokatzeko eskubidea emanen duen  titulurako joaneko partida igandean jokatuko dute Arronizen eta itzulerakoa abuztuaren 31n Giltxaurdin

Nafarroako futbolean 2024-25 denboraldiko lehen titulu ofiziala jokoan izanen dute Baztan futbol taldeak eta Arronizko Zarramonza taldeek. Nafarroako Superkopa jokatuko dute abuztuaren 25ean, igandean 18:00etan Arronizen eta abuztuaren 31n, larunbatean ordu berean Elizondoko Giltxaurdin. Irabazleak, tituluaz gain, sari handia izanen du: Espainiako Erregearen Kopa jokatzeko aurre kanporaketa jokatzeko eskubidea. Hau gaindituz gero, lehen mailako talde baten kontra jokatuko luke etxean.

Zarramonza taldeak joan den urtean Nafarroako Federazioaren Kopa irabazi zuen, finalean Nafarroako Unibertsitateko taldeari 2-1 irabazita eta horrek eman dio Superkopa jokatzeko eskubidea. Baztan futbol taldeak, berriz, hirugarren mailara igotzerik ez zuen lortu, Garesen kontrako kanporaketa galduta eta horregatik jokatuko du Nafarroako Superkopa. Mendeurrenaren urtea titulu batekin eta sari Potolo batekin hasteko aukera du, beraz, Baztan Futbol Taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun