Bestak 2024

Amaiurko bestetan izandako erasoak salatu dituzte herriko eta Baztango hainbat eragilek

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 22a, 09:00

Aurtengo Amaiurko bestetan hartutako irudia.

Amaiurko Herriak, Amaiurko Besta Batzordeak, Harro Baztanek, Iñarrosi Neska Gazteen Talde Feministak, Baztango Talde Feministak eta Baztango Udalak ohar bateratua atera dute, Amaiurko bestetan «hainbat muga gainditu» direla salatuz.

«Bertze aldietan Baztanen argi utzi da berdintasunak oraindik ere bide luzea duela gure lurraldean. Oraingoan, Amaiurko herrian pasatutako hainbat gertakarirekin garbi gelditu zaigu». Halaxe diote aipatutako eragileek oharrean. Amaiurko bestetan «hainbat eraso» izan direla gaitzetsi dute eta «onartezina» izanda, «lau haizetara zabaltzea» erabaki dute.

Erasoak «geroz eta gazteagoak diren biztanleriaren aldetik» heldu direla azpimarratu dute, eta «bortizkeria horiek kezkagarriak» direla gehitu dute: «Gizartean, geroz eta normalagoak bihurtu dira jokabide sexistak, homofoboak, arrazistak… Eta gazteriak horiek normalizatzeko joera hartu du». Amaiurren gertatutakoaren ondotik, «Baztanen eta gizartean bertze behin ere aldaketaren beharra dagoela» agerian gelditu da sinatzaileen hitzetan.

Bide batez, «baztandar guziei kontzientziarekin jokatzea eta beharrezkoak diren neurriak hartzea» eskatu diete. «Denok dugu zer egina, denon ardura baita».

Oharra «erasotzaileak kanpora» eta «jarrera sexistak ez Amaiurren, ez inon!» mezuekin akitu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun