Espaloi gainetan aparkatzen duten autoei buruzko gogoeta egin du Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 22a, 08:00

Espaloietan aparkatzen duten autoek oinezkoak trabatzen dituztela ohartarazi nahi du Baztango Talde Ekosozialak. Horretarako, joan den astean, espaloietan aparkaturiko autoen argazkiak atera ditu Elizondon barna, non sortutako eragozpenak ikus baitaitezkeen.

Baztango Talde Ekosozialaren oharrak dioenez, «azkeneko aldian kezka handiz ikusten ari gara autoak espaloietan aparkatzen dituztela, oinezkoei, zirrikadun aulkietan ibiltzen direnei eta haurren orgattoak baliatzen dituztenei, bertzeren artean, traba handia eginez». Joan den astean, Elizondon barna, han-hemen, espaloi gainean aparkatu duten autoen argazkiak atera zituzten, eta ikusten ahal den bezala, herriko edozein tokitan gertatzen dira horrelakoak.

«Jakin badakigu auto gidari gehienek ongi egiten dutela, –dio Baztango Talde Ekosozialak– eta autoa behar den tokietan uzten dutela. Alta, gutiengoa den multzo horrek alimaleko traba egiten du, zeren, banaz bertze tona eta erdi pisatzen duen altzairuzko ibilgailu trinko bat uzten baitute espaloian. Autoak uzteko ez den tokian».

 

«Gure herriak ez dira oinezkoetan pentsaturik eginak»

Baztango Talde Ekosozialaren erranetan, gauza jakina da gure herriak ez direla oinezkoetan pentsaturik eginak. Horregatik, normalki espaloiak meharrak, zoladura eskasekoak, baitezpadako jarraikitasunekoak, itzalik eta landarerik gabeak… dira. Horren erakusgarri bat, Elizondoko Maurizio eta Felix plaza inguruko hiri-garapena izaten ahal da».

Horrela gauzak,  oro har, «erdipurdika diseinaturiko espaloiekin eta oinezkoak guztiz bigarren mailan uzten dituen herriaren antolaketarekin aski ez, eta espaloietan aparkaturiko autoak jasan behar dira. Begi bistakoa dena erranen dugu: toki gehiena autoendako da, eremu publiko gehiena hartzen dute, karrikak eurendako dira, auto-erraiendako lautik hiru eta espaloiendako doi-doi zerrenda estua. Eta, hori horrela, gutiengoa diren baina ederki nabarmentzen diren gidari horiek, autoak espaloi eskas horietan uzten dituzte».

Eta hori «guztiz onartezina» da Baztango Talde Ekosozialarendako.

 

«Utzikeriaz eta zabarkeriaz jokatzea ez da onargarria»

Horregatik, autoak espaloietan ez aparkatzea eskatu du Baztango Talde Ekosozialak, «herrian toki ausarki bada autoak uzteko, sobera; hortaz, utzikeriaz eta zabarkeriaz jokatzea ez da inondik ere onargarria. Bi minutuz ez ibiltzeagatik oinezkoendako espaloiak alferkeri hutsagatik trabaraztea guztiz arbuiagarria da». Hori dela eta, «jokabide itsusi horietaz» ohartarazi nahi dute, horrelakoak saihesteko.

Herrian harat honat ibiltzen diren adinekoek, zirrikadun aulkiaz behartzen direnek, haurrek, haurren orgattoak ibiltzen dituztenek, mandatuetan ari direnek… «hau da oinezko eta herritar guztiek errespetua merezi» dutela uste du Baztango Talde Ekosozialak: «Mugitzeko modu ez kutsagarriari tokia egin behar diogu, mugitzeko modu osasuntsuari, ekitatibo eta demokratikoari, herritar guzietan pentsatutakoari. Horretarako gutienekoa da espaloiak errespetatzea. Espaloiak oinezkoendako, ez autoak aparkatzeko!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun