'Adaxka lehorrak' liburuaren aurkezpena eginen dute heldu den astean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 21a, 19:00

Jokin Bergara 'Adaxka lehorrak. Talka ekosozialaren biharamun politikoak' liburuaren egilea. Argazkia: Txalaparta.

Baztango Talde Ekosozialak gonbidatuta, Jokin Bergara Elizondora etorriko da abuztuaren 30ean, Adaxka lehorrak. Talka ekosozialaren biharamun politikoak bere liburuaz mintzatzera.

Soziologian lizentziaduna eta ekonomia sozialean doktorea da Jokin Bergara eta joan den urtean argitaratu zuen liburua. Talka ekosoziala du hizpide. Jokin Bergarak ariketa bat planteatu du liburuan: «Kapitalismoari txiki gelditu zaion munduan, aro horren agortzearen aurrean, zer bide zabaldu daitezkeen irudikatzen saiatzea». Gogoeta soziologikoak, politikoak eta pertsonalak tartekatuz, trantsizio ekosozialaren tentsio ardatzak aurkeztu eta bidezidor berriak proposatu ditu, eta galdera deseroso bat baino gehiago ere egin ditu: «Onartuko dugu munduko hegoaldetik baliabideak erauzten jarraitzea gure trantsizioa posible egiteko? Prest gaude kontraesan hori irensteko? Edo harreman forma horiek gainditu nahi dituen proposamen politikoen korrontean kokatu beharko ginateke?».

Liburu aurkezpena abuztuaren 30ean eginen dute, 19:00etan Ahaztuen plazan (Fantxike ondoan). Eguraldi txarra baldin bada, berriz, Amezti elkartean bilduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun