Amaiurko Artzain Eguna arrakastatsua izan da aurten ere

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 19a, 14:00

48. artzain zakur lehiaketa Xabier Gaztañagak irabazi zuen Cool zakurrarekin eta ardi lehiaketak hogeigarren edizioa bete zuen abuztuaren 15ean.

Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Amaiurko Artzain Eguna ikusgarria suertatu zen amabirjin egunean. Goizeko ardi lehiaketak hogeigarren edizioa bete zuen eta arratsaldeko 48. artzain zakur lehiaketan (19. urtez Patxi Etxeberriaren omenez) Xabier Gaztañaga nagusitu zen, Cool zakurrarekin. Ardi eta ahariak ez ezik, zaldiak, behorrak eta behiak ere izan ziren azokan.

 

Hogeigarren ardi lehiaketa

Goizeko hogeigarren ardi lehiaketari dagokionez, hauek izan ziren saridunak:

Buru gorriak:
  • 6 eta 18 hilabete artekoak: Sagrario Urroz, Nerea Mortalena, Aitor Agirre eta Arkaitz Gamio.
  • 18 eta 36 hilabete artekoak: Sagrario Urroz, Arkaitz Gamio, Nerea Mortalena eta Aitor Agirre.
  • 36 hilabetetik goitikoak: Aitor Agirre, Arkaitz Gamio, Sagrario Urroz eta Nerea Mortalena. Ahari onenaren saria Sagrario Urrozek irabazi zuen
Buru beltzak:
  • 6 eta 18 hilabete artekoak: Norberto Agerre, Migel Angel Maritorena, SL Irigoien Rekarte eta Manuel Bertiz.
  • 18 eta 36 hilabete artekoak: Norberto Agerre, Begoña Etxalar eta Manuel Bertiz,
  • 36 hilabetetik goitikoak: Begoña Etxalar, M.A. Maritorena,Manuel Bertiz eta Begoña Etxalar. Adarje onenaren saria Begoña Etxalarren ardi batek lortu zuen.

 

Kortariko gasna garaile lehiaketan

Gasna lehiaketara zortzi gasna aurkeztu zituzten eta Orabideko Kortariko gasna suertatu zen garaile; bigarren saria Urdazubiko Etxelekuak eskuratu zuen eta hirugarrena Berako Socorro Almandozek. Eider Pikabeak, Ana Lazkanotegik eta Igor Gomezek osatu zuten epaimahaia.

 

Artzain Zakur lehiaketan Xabier Gaztañaga eta 'Cool' garaile

Arratsaldean jokatu zen Amaiurko artzain zakur lehiaketaren berrogeita zortzigarren edizioa, hemeretzigarren aldiz Patxi Etxeberria zenaren omenez. Xabier Gaztañaga eta Cool zakurra izan ziren garaile, 333 punturekin. Bigarren postua Gaizka Etxanizek eskuratu zuen, Laster zakurrarekin eta podiuma Jean Paul Irikinek osatu zuen, Orai zakurrarekin. Angel Varona bizkaitarrak eta Manuel Goienetxe amaiurtarrak ez zuten parte hartzerik izan, osasun arazoengatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun