Bestak 2024

Artzain Eguna eginen dute bihar Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 14a, 07:00

Atzo bota zuten txupinazoa eta besta giro betean daude dagoeneko amaiurtarrak, baina biharkoa egun berezia izanen dute; azienda erakusketak, ardi gasna lehiaketa… eta noski, Artzain Zakurren XLVIII. Txapelketa

Goizean goiz hasiko da jardunaldia, Baztan Bidasoko XX. Ardi Erakusketa eta Lehiaketarekin. 14 artzainek parte hartuko dute lehiaketan eta buru beltz eta gorriko 350 ardi aurkeztuko dituzte guztira. Hiru kategoriatan sarituko dituzte: 6-18 hilabetekoak, 18-36 hilabetekoak eta 36 hilabetetik goitikoak. Gainera, Ardi Gasna Lehiaketa eta artisauen merkatua izanen dira.

Zaldi eta behien erakusketak ere ez du hutsik eginen, trikitilariek alaiturik. Aurizko, Bretainiako eta Comtoise arrazako 80 bat zaldi eta behor egonen dira ikusgai, eta bertze 80 behi Blonda zein Pirinioetakoak.

Egitarauak arratsaldean izanen du segida. 17:00etan artzain zakurren desfilea eginen dute eta 17:30ean XLVIII. Artzain Zakur Txapelketa, aurtengoa Patxi Etxeberriaren XIX. memoriala izanik. Hamaika artzainek parte hartuko dute txapelketan haien zakurrekin:

  • Antonio Alustiza eta Txiki (Areso)
  • Julen Arburua eta Ipar (Lekaroz)
  • Gorka Etxaniz eta Laster (Azkoitia)
  • Javier Gaztañaga eta Cool (Antzuola)
  • Jon Olivares eta Urdin (Zeanuri)
  • Kepa Ardanza eta Urbia (Abadiño)
  • Aitor Urien eta Nahi (Abadiño)
  • Enrique Mendiguren eta Laia (Orozko)
  • Angel Barona eta Jai (Zalla)
  • Jean Paul Irikin eta Orai (Itsasu)
  • Aitor Aranburu eta Rat (Isturitz)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun