Erraldoien artean
2019an sortu zen Oronoz-Mugairiko konpartsa, «horren aitzinetik, Jo ala Jo elkarteko erraldoiekin aritzen ziren bestetan gerora konpartsako kide bihurtuko ziren zenbait gizon eta emakume».
Oteitza hasmentatik izan zen «saltsan sartuta; entseguetara agertzen nintzen eta behar zenean laguntzen nuen». Izan ere, «betitik ezagutu ditut erraldoi eta buruhaundiak nire amaren herrian». Handik urte pare batera, berriz, erraldoiak dantzatzen hasi zen.
Gaur egun 20 bat lagunek osatzen dute konpartsa, «dantzari haundiak eta ttikiak, musikariak (denak emakumeak) eta edariak eramaten dizkiguna, La del Carro». Horrez gain, lau erraldoi dituzte: Petra eta Manuel haundiak eta Pepa eta Joxele ttikiak. «Eta borzgarren bat egiten ari gara».
Haurren irribarrea helburu
Herriko bestak «sakratuak» dira konpartsarendako; «egun pare batez ateratzen gara eta ilusioz alaitzen ditugu karrikak. Harrigarria da nola erakartzen duen jendea eta zein polita den haurren aurpegian ilusioa ikustea. Gainera, erraldoi ttikien barnean sartzen dira eta harrituak gelditzen dira sorbaldetan eramatean». Bestez gain, «konpartsaren urteurrenean ere ateratzen gara, herriari buelta eman eta bazkaria egiten dugu».
Baina herritik kanpo ere ibiliak dira; «Teruelen, Deban, Aretxabaletan, Atezko bailaran… eta duela urte batzuk Ultzamara joaten garela Gaztanberaren egunean. Ez ditugu ateraldi haundirik egiten baina ateratzen garenean gustura joaten gara».
Eta doike, atera aitzinetik entseatu behar da; «udaberri aldera hasten gara eta astean behin gelditzen saiatzen gara, baina batzuetan zaila da». Hala ere, «lana ttikia eta esfortzu gabea bihurtzen da gustukoa denean».
Bestetarako gogotsu
Oronozko bestak «urteko ekitaldi garrantzitsuenetakoak dira niretako; adin guzietako herritarrak plazan eta frontoian dantzan edo solastatzen ikustea arras polita da. Egun guziek badute zerbait berezia, eta adinarekin gustuak aldatzen dira, baina erranen nuke herritarrok gehien maite dugun eguna bezpera dela, gogotsu eta fresko gaudelakoz».
Azkenik, «Oronoz-Mugairiko bestetara zein konpartsara gonbidatuak zaudete denak. Besta ederrak pasa eta giroa ezin politagoa izan dadila!».