Bestak 2024

«Euskal kantak maite ditugulakoz sortu genuen Gaztelu taldea»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 10a, 11:00

Amaiurren sortu eta bizi da Jexux Urrutia, eta duela 28 urte abiatu zuen lagunekin Gaztelu Abesbatza; «beti gustatu izan zaizkigu euskal kantak eta ttikitatik kantatu ditugu. Hortaz, talde bat osatzea erabaki genuen, kantua serioago hartu eta harmoniak zainduz».

Zuzendari bila hasi ziren, eta horretan aritua zen Fernando Cortijori deitu zioten, gaur egun abesbatzako zuzendaria dena. Taldearen izena, berriz, «Amaiurko Gazteluan gertatutakoa oroitzeko aukeratu genuen».

Gaur den egunean, 18-20 bat lagunek osatzen dute taldea; «batzuk hil dira, bertze batzuk utzi dute… baina nahi duten pertsona guziak hartzeko prest gaude taldean, betiere musikarako belarria, pazientzia eta konstantzia pixka bat izanez gero».

Asteazkenero biltzen dira herriko elkartean entseatzeko, eta euskal kantak kantatzen dituzte hiru-lau ahotsetara. Kontzertuak, berriz, «deitzen digutenean egiten ditugu». Hainbat lekutan ibiliak dira; «Maulen, Iruñean, gazteluko 500. urtemugako ekitaldian… eta nola ez, Amaiurko bestetan. Beti kantatzen dugu 15ean, meza ondoan».

Bestetarako prest

Amaiurko bestak bereziak dira Urrutiarendako, «alde batetik nire herrikoak direlakoz, eta bertzetik urte osoan kanpoan bizi eta ikusten ez dudan jendearekin egoteko aukera ematen dutelakoz».

«Betitik» parte hartu du bestetan, «modu batean edo bertzean laguntzen». Urteekin aunitz aldatu direla dio; «lehenago, adibidez, zopak elkartean egiten genituen eta 50-60 lagun biltzen ginen; orain frontoian 400 bat pertsona elkartzen dira». Horrez gain, «23 urte nituenean, Uharte-Arakilen zakurren lehiaketa ikusi genuen, Amaiurren egitea pentsatu genuen, eta orain arte. Kantaldiak ere maiz egiten genituen, baina Guardia Zibilari kanten zerrenda eman behar genion eta haiek onetsi behar zituzten, aldarrikatzaileegiak izan ez zitezen. Bertze garaiak ziren».

Gaur egun «zikiro jatea» du gustukoen, «lasai bazkaltzea eta jendearekin egotea. Ardi eta gasna lehiaketak eta zaldi eta behien erakusketak ere gustatzen zaizkit». Azkenik, bestetan «gazteriaren eta helduen lana» azpimarratu ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun