Baztandarren Biltzarran eta Elizondoko bestetan erasoak izan direla salatu dute hainbat eragilek

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 6a, 13:00

Iñarrosi Neska Gazteen Taldeak, Harro Baztanek, Baztango Talde Feministak, Baztandarren Biltzarra elkarteak, Elizondoko Herriak eta Baztango Udalak erasoak salatu dituzte Elizondon azken astean

Adierazi dutenez, «berriz ere dudan paratu da Brigada Moreen eginkizuna eta beharra, baina argi dago berdintasuna lortzeko lan dezente dagoela eta horrelako datetan aunitzez ere nabarmenagoa da». Izan ere, «aurten ere emakumeen eta genero disidenteen kontrako erasoak izan dira».

Alde batetik, «eraso berbalak egon dira, eta nahiz eta aunitzendako intentsitate altuko erasoak ez izan, horiekin akitzen ez badugu, ez dugu biolentziarekin errotik akituko». Bertzalde, «eraso fisikoak egon dira; behin eta berriz emakume zein genero disidenteen gorputzak baimenik gabe ukitu eta sexualizatu dituzte. Emakumeak, genero disidenteak, bollerak, marikak, ez bitarrak, transak, pertsona arrazializatuak, guziak erasotuak izan dira».

Horrez gain, «bereziki larria da eraso hauek geroz eta gazteagoak direnengandik heldu direla jakitea. Feminismoaren kontrako diskurtsoak goiti egitearekin batera, inpunitate osoz biolentzia gauzatzeko askatasun usteak ere goiti egiten du. Biolentzia hau ezinezkoa da ingurukoen konplizitaterik gabe. Zoritxarrez, Baztango gazteriak aski ongi barneratu du horretarako eskubidea duen ustea, ez baitauka inongo ondoriorik».

Hori dela eta, «dei egiten diogu Baztango biztanleriari honen aitzinean kontzientziarekin jokatu eta beharrezkoak diren neurriak hartzera. Denok dugu zer egin, denon ardura baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun