Aroztegiko zazpi akusatuen harira, joan den uztailaren 18ko Baztango Udaleko osoko bilkuran EH Bilduk mozio bat aurkeztu eta bozkatu zen akusatuei elkartasuna adierazteko «talde kriminal» akusazioa jaso baitute zigor eskaerekin batera. Horrez gain, Nafarroako Gobernuari galdegiten zitzaion berarentzat hartu dituen lurrak baztandarrei bueltatzeko eta UGEPa bertan beheiti uzteko. EH Bildu eta Zurekin Baztan alde (8); Geroa Bai kontra (1); UPN eta Independenteak abstentzioa (2).
Geroa Bai koherentea izan da eta betiko posizioa mantendu du, baztandarrengandik gero eta urrunago. UPNk abstentzioa bozkatu zuen denen harridurarako. Baina, harrigarriagoa izan zen akaso Baztango Independenteen abstentzioa. Bi eserleku dituzte baina bat hutsik egon zen, bigarren hautetsia ez baitzen osoko bilkurara agertu.
Harrigarria izanagatik, agian isilegi pasatu da afera, batez ere kontuan izanik Independenteak «nekazarien» defentsaren bandera harrotuz ibili direla. Baina, hitzez erraten ari direna gero ez dugu praktikan ikusten.
Alde batetik, hain nekazarien defendatzaile izateko, bertze aldera begiratu dute lurraren defentsan protesta egiteagatik zazpi baztandarri halako eskaera egin dietenean. Komeni da oroitaraztea Palacio de Aroztegiak bere garaian nekazaritzarako 45 lur hektarea erosi, eta, birkalifikatu eta hirigarri bihurtu zirela, «mirariz» lur horien prezioa biderkatu eta promotoreak aberastuz. Proiektuak 200dik goiti txalet, hotela eta golf zelaia egin asmo zituen belai paregabe batzuetan eta Baztandarren kontrakotasunaren aitzinean proiektua UGEP bihurtu eta IrunĚera eraman zuten Baztan mututuz. 2021ean, proiektuak paper guztiak izan gabe ere, errepideak egiten eta arbolak mozten hasi ziren eta, orduan, hainbat pertsona sartu ginen makinen aitzinean esertzera. Protesta baketsu horiengatik orain «talde kriminala», 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000€ko eskaerak egin dizkiete zazpiri. Proiektuaren alde egon edo ez, iruditzen zait zazpi baztandarri halako eskaera desproportzionatua egiten zaienean guttienekoa zela behintzat osoko bilkurara agertzea. Hala ere, praktika arrunta dela ematen du, Independenteen bigarren hautagaia 13 osoko bilkuretatik bakarrik 6tara agertu baita.
Bertze aldetik, mozioan UGEPa bertan beheiti uzteko eskatzen zen. Kasu horretan ere harritzekoa abstentzioa, kanpainan zehar zernahi aditu baititugu NPB edo PACaren harira, alkatetzaren erruz lurrak galdu direla eta udalak ez duela prestutasunik eta bertze. Eta basozainak bidali behar direla mendi bazterrak garbitzera, jabe batzuek NPB-PAC kobratu dezaten. Hori erran, baino gero Nafarroako Gobernuari lurrak bueltatzeko eskatzeko tenorean, isilik? Ez da ahantzi behar UGEParen proiektuaren ondorioz hainbat lekaroztarren lurrak bortxaz sartu zirela proiektuan eta herri lurrak ere sartu zituztela bertan gure baimenik gabe. «Herritarren aunitzen ahotsa» zirela erran zuten alderdia sortzerakoan, baina herri lurrak defendatu behar direlarik, isiltasuna.
Berriz ere, ez da lehendabiziko aldia. Ez zaigu ahantzi: 2023an, Erdizko proiektua UGEP moduan tramitatzea onartze bidean zela, Batzar Nagusiak herri galdeketa proposatu zuen. Independenteen zerrendaburu dena orain Almandozen alkate zen orduan, eta bera izan zen abstenitu zen alkate bakarra. Galdeketa hori debekatu zutenean, alkateak elkartu ziren galdeketa herrietan egiteko. Kasu hartan ere, bera izan zen galdeketa antolatu nahi izan ez zuen alkate bakarra.
Kartzela zigor eskaera lotsagarriak jaso dituzten baztandar haiekiko elkartasuna erakusteko eta UGEPa bertan beheiti uztea eskatzeko aukera izan zen osoko bilkuran. Independenteen bozka ez zen determinantea izan baina bai adierazgarria, berriz ere, bertze aldera begiratu baitute. Sutan paratzean probatzen da nolakoa den eltzea.