Laxoa txapelketako final haundia jokatuko dute larunbatean Arraiozen

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 2a, 12:00

Arraiozko plazan jokatuko dituzte partidak larunbatean.

Larunbatean, abuztuaren 3an, Arraiozko plazan, Nafarroako XLIV. Laxoa Txapelketako finalak jokatuko dituzte. Goizean, 3. posturako partidua jokatuko dute Arraioz Sagardia eta Doneztebe Apeztegia taldeek. Arratsaldean, Doneztebe The Moment eta Oiz Ak final handia jokatuko dute

Doneztebeko taldea Julen San Miguel, Paskual Bertiz, Jabier Bertiz eta Koldo Legarrak osatuko dute. The Moment taldeak iaz lortutako txapela defendatuko du, hortaz, gorriz jokatuko dute. Txapela irabaziz gero, 3. txapela jarraian izango dute.

Oizko taldea Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Laurendi Zelaieta eta Ugutz Zelaietak osatzen dute. Oitzko taldearentzat, lehen finala da 2009tik eta laukote honentzat, lehen final handia da. Hala ere, laukote honek badaki irabaztea zer den, izan ere, iaz final txikia irabazi zuten eta paxakan 3 txapel irabazi dituzte jarraian dagoeneko. Beraz, aurreikusten da partida borrokatua izanen dela.

3. posturako lehian, Arraioz Sagardia taldean Mikel Mindegia, Abi Bengoetxea, Ion Gamio eta Miguel Maritorena arituko dira. Doneztebe Apeztegia taldean, aldiz,  Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Iban Santesteban. Bi talde hauek ere badakite zer den partida garrantzitsuak jokatzea eta, partida ederra izateko itxura du.

Laxoa Elkarteak eskerrak eman nahi dizkio Mariezkurrena Eraikuntzak eta Laboral Kutxari, beraiek gabe ezinezko izango zen eta txapelketa hau antolatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun