III. Liburu Mikro Azoka eginen dute Txokoton igandean

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 2a, 09:00

Uda honetan ere liburuen merkatu ttikia antolatzea erabaki du Elizondoko Txokoto tabernak, eta hirugarren edizioa izanen da aurtengoa. Igande honetan, abuztuaren 4an eginen dute azoka, eta liburuak erosteko aukeraz gain, solasaldiak, liburu aurkezpenak eta musika izanen dira.

Literatura izanen da protagonista eta hainbat argitaletxek, dendek eta kolektibok postua jarriko dute beren produktuak saltzeko. Zerrenda luzea da: Akelarre, Alberdania, Arcos, Bakakai, Balea Zuria, Boltxe Kolektiboa, Chundarata, CNT, Dakit, Denonartean, Eunate, Hatsa, Igela, Karrikiri, Kaxilda, Kaxkamelon, Mintzoa, Maiatz, Muaga, Pamiela, Reread, Sare Antifaxtia, Txalaparta, Walden eta 1545.

Horrez gain, hiru solasaldi ere izanen dira. 11:00etan Itxaro Borda eta Ane Garcia poesiaren tektonikaz arituko dira euskaraz. Ondotik, 12:30ean Historia social del jazz primitivo liburuaren aurkezpena eginen du Rag Curterrek. Azken solasaldia izanen da, 18:00etan. Ramón Andres ariko da solasean.

Literaturaz gain musikak ere protagonismoa izanen du. Egunean zehar Unai Otegi ariko da musika jotzen, eta 20:00eta Arima Soul Sytem taldeko Makala eta Lidia Insaustik kontzertua emanen dute.

Egun handia igandean izanen bada ere, larunbatean, abuztuaren 3an, La ola Maldita taldearen kontzertua izanen da 20:00etan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun