Baztango Udalak salatu du Palestina eta Sahararekiko elkartasuna debekatu nahi duela Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 1a, 10:00

Baztango Udalak salatu du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak debekatu egin diola herriko etxean Palestinaren eta Sahararen aldeko banderak paratzea. Hori dela eta, isun eta zigorrak ekiditearren udal eraikinetatik banderak kendu behar izan dituztela salatu dute.

Baztango Udalak azaldu duenez, «Sahara eta Palestinako herria jasaten ari diren bortizkeria salatzeko eta haiekiko elkartasuna eta babesa agertzeko asmoz» herrialde horietako banderak Baztango Udaleko balkoian eta Elizondoko plazako eraikinean eskegi zituzten.

Prentsara bidalitako oharrean zehaztu dutenez, ordea, uztailaren 19an Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak «berehala« kentzeko exijitu zion, kendu ezean «ondorioak» izanen zituztela mehatxatuz.  Hori dela eta, isun eta zigorrak ekiditearren udal eraikinetatik banderak kendu behar izan dituztela azaldu dute.

Baztango Udalak salatu du Nafarroan aspalditik ari direla ikurrinaren erabileraren kontrako jazarpena eta udaletxeetan eskegitzearen kontrako errepresioa jasaten, eta nabarmendu du «Euskal Herriaren ukazioa mehatxu eta isun bidez inposatu nahi dutela zenbaitek». Bide horretan, nazioarteko elkartasuna «bide beretik etetea» leporatu dio Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari, «Sahararekiko eta Palestinarekiko elkartasuna jazarriz».

«Baztango Udaletik gogor salatu nahi dugu bertze behin ere adierazpen askatasunaren aurkako jazarpena, horrek herri zapalduekiko elkartasun eta babes adierazpen publikoa mugatzen dituen neurrian. Banderak kendu araziko dizkigute, baina ez dute inolaz ere saharar eta palestinar herriekiko elkartasuna eta babesa murriztuko, eta are ozenago zabalduko dugu bi herri zapaldu hauen askapenerako aldarria».

Horrekin batera, baztandar guztiei dei egin diete «hemendik aitzinera ere Palestina eta Sahara pairatzen ari diren bidegabekerien eta giza eskubideen urraketen aitzinean elkartasuna aktiboki erakustera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun