Elizondoko besten barrenean jokatu zuten Nafarroako Herriz Herri Txapelketako bigarren jardunaldia, eta jende aunitz bildu zen proba ikustera. Arraioz, Berriozar, Basaburua eta Irurita aritu ziren lehian eta ikuskizun ederra egin zuten talde denek . Bi proba konbinatu jokatu zituzten, lehen proban lokotxak biltzen, zakuarekin lasterka, aizkoran, korrika eta trontzan aritu ziren. Bigarrenean, aldiz, ingudearekin aritu ziren eta ondotik txingak eramaten.
Lehen proba konbinatuan Arraioz nagusitu zen 21.33.45eko denbora eginda. Bigarren eta hirugarren postuen artean izan zen lehiarik handiena, eta azkenerako Berriozar sailkatu zen bigarren 22.30.48ko denborarekin. Basaburuko taldeak 6 segundu gehiago behar izan zituen, 22.36.38ko denbora egin zuen. Laugarren postuan, aldiz, Irurita sailkatu zen 25.00.27ko denborarekin.
Bigarren proba konbinatuan ere Arraiozko kirolariak nagusitu ziren. Ingudearekin 121 altxaldi egin zituzten Arraioztarrek, Basaburuan eta Iruritak 112 eta Berriozarrek, aldiz, 110. Txinga eramaten, aldiz,, Arraiozkoek 4.04.60ko denbora egin zuten, Berriozarkoek 4.38.74koa, Basaburukoek 5.25.83koa eta Iruritakoak 5.42.11koa. Hala, Arraioztarrak izan ziren lehen sailkatuak bigarren proba konbinatuan.
21 urtez azpikoetan Berriozar nagusi
Maila absolutuko txapelketaz gain, 21 urtez azpikoena ere jokatu zuten. Hiru talde aritu ziren lehian, Antsoain, Berriozar eta Basaburuko, Arantzako eta Igantziko gazteek osaturiko Basaraiga.
Lokotx biltzen, txingak eramaten, zakuarekin lasterka, lasterka eta trontzan aritu ziren, eta lehen sailkatua Berriozar izan zen, bigarrena Antsoain eta hirugarrena Basaraiga.
Larunbatean, abuztuaren 3an izanen da txapelketako hirugarren jardunaldia Etxarri Aranatzen. Basaburua, Berriozar eta Etxarri Aranatz lehiatuko dira