Bestak 2024

Euripean ere giro ederra izan dute Baztandarran Biltzarran

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 22a, 11:30

Elizondoko eskola publikoak eraman ditu banderak, Gartzainek irabazi du orga lehiaketa, Balleko Etxeko balkoian ikurriña paratzea debekatu dute eta Aroztegiko auzipetuak gogoan izan dituzte

Euri langarrak ez zuen Baztandarren Biltzarraren 61. Edizioa zapuztu eta berriz ere jendetza bildu zen Elizondoko karriketan. Ohikoa denez, Iturengo joaldunek ireki zuten desfilea Elizondoko eskola publikoko ordezkariak izan ziren banderak eramateko ardura izan zutenak. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Zehazki, Maite Goñi, Nekane Mitxelena, Andrea Rodriguez, Itziar Bidegain, Lourdes Arraztoa, Zuriñe Zubillaga, Laura Carazo eta Jaione Larre izan ziren bandera eraman zutenak. Balleko Etxeko balkoian, hainbat ordezkari politiko bildu ziren, baina ez zen ikurriña paratzerik izan. Pankarta batek gogoratzen zuenez, Frankismoan bezala ikurriña udaletxean paratzea debekatu dute. Aroztegiko auzipetuekin elkartasuna ere erakutsi zuten hainbat orgetan.

Gartzain irabazle orga lehiaketan

Orga lehiaketari dagokionez, aurten ere Gartzainek lortu du lehen saria, Ameriketara joan behar izan zuten artzainak gogoratuz. Puntu bakarreko aldearekin, bigarren izan zen Ziga, Garai batean larruzko oinetakoak nola egiten zituzten erakusten zuen orgarekin. Irurita horugarren izan zen, Tellerian teilak nola egiten zituzten erakusten zuen orgarekin.

Horiez gain, Amaiurrek gasna nola egiten zen erakutsi zuen; Almandozek Belateko aduanan guardien eta kontrabandisten arteko gorabeherak azaldu zituen; Anizek Txirritaren ‘Neska zahar bat tentatzen’ bertsoak izan zituen oinarri; Berroetak 1840tik 1877ra Ameriketara joan ziren 43 bizilagunak gogoan izan zituen; Azpilkuetak zerri-hiltzea antzeztu zuen; Erratzuk etorkizunera salto egin zuen eta 2030. Urtean, turismoaren eraginez herrian irekiko litzatekeen kasinoa agertu zuen; Arizkunen, Aroztegiko auzipetuek mereziko luketen zigorraz eztabaidan aritu ziren boteretsuak; Oronozen, Argiñeneko eskulangileak kutxarak egiten aritu ziren; Arraiozek zurginak omendu zituen; Lekarozek Infernuko Errota agertu zuen; Elbetek 1970 hamarkadan hainbat ezkontzaren lekuko izan zen Berekoetxea jatetxea gogoan izan zuen eta Elizondok, berriki ateak itxi dituen Galarza jatetxea.

Bazkarirako 1.536 txartelak saldu ziren eta merkatuko plazan egin zuten bazkaria, euripean. Sari banaketaren ondotik, bestak segitu zuen Gabezin, Elektrotxorongo, Trikidantz eta DJ Axolt Selektahren musikarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun