Energia berriztagarriak

«Onura ekonomiko, sozial eta ekologikoak eskaini nahi ditugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 28a, 10:00

«Amaiurren autosufizientzia energetikoa lortzea, energia berriztagarriak eta garbiak sustatzea eta kontsumo ohiturak aldatzea». Horiek dira, bertzeak bertze, sortu berri duten Urkilo Komunitate Energetikoaren helburuak. Elkarteko lehendakaria den Bea Mujika sortze prozesuaz, helburuez eta etorkizuneko proiektuez mintzatu da, eta amaiurtar guziak animatu ditu ekimenarekin bat egitera.

Zer da komunitate energetiko bat?

Toki bateko energia kudeatzeko modu bat da. Komunitateko kideak zuzenean inplikatzen dira energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa ezartzeko neurrien planifikazioan eta martxan jartzean, baita energia eraginkortasuneko eta mugikortasun iraunkorreko neurriei dagokienean ere. Finean, herritarrek energiaren inguruko erabakiak hartu, energia sortu, kudeatu eta kanpoko energiarekiko mendekotasuna murrizten dute elkarlanean.

Zein abantaila ditu?

Abantailak onura ekonomikotik haratago doaz, ingurumenekoak eta sozialak ere badira; tokian tokiko energia berriztagarri eta garbiak sortzea eta erabiltzea da helburua, kostua jaitsiz eta pobrezia energetikoa ekidinez.

Nola sortu zen Amaiurren komunitatea abiatzeko ideia?

Baztango Udalak hamabortz herrietako alkateekin egindako bilera informatibo bat izan zen abiapuntua. Nafarroako Gobernuak energia komunitateak bultzatzeko dirulaguntzen berri eman zuten eta Amaiurko herriak bide horretan sartzeko interesa erakutsi zuen. Gure kasuan, herriko etxe gehienak Vianako Printzea erakundeak babestuak dira eta horrek eguzki panelak paratzeko aukera, adibidez, oztopatzen du. Hori ikusita, panelak frontoiko estalkian paratzea izan daiteke irtenbidea, eta horretarako eta bertze hainbat proiekturako, egokiena komunitatea sortzea zela iruditu zitzaigun. Prozesuaren kostuaren ehuneko bat Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin ordaindu da eta gainerakoa udalak.

Nolakoa izan da prozesua?

Komunitate energetiko bat sortzeko bi modu nagusi daude. Batzuetan enpresek bideratzen dituzte, eta eredu estandarizatuak eta azkarrak izaten dira. Bertzeetan herritarrek parte hartzeko bideak irekitzen dira, eta prozesua luzeagoa izaten da. Guk herritarrok sortu beharreko zerbait zela ikusi genuen hasmentatik, eta horren aldeko apustua egin genuen. Urtarrilean egindako bilera jendetsu batean eman zitzaigun partaidetza prozesuaren berri, eta hortik abiatuta, herritar talde batek lanean segitu genuen: otsailean hasita, astean behin elkartu ginen Artelan, Kisar eta Arankoa aholkularitza zerbitzuetako profesionalen gidaritzapean, gizarte kohesio, energia berriztagarri eta araudiaren inguruan lan egiteko. Saio horien ondotik komunitatea bera sortzen hasi ginen; forma juridikoa erabaki (gure kasuan elkartea), estatutuak sortu, eta elkartea eratu genuen. Orain talde eragilea desegin dugu eta lanean ibili garenok elkarteko bazkide izatera pasatu gara. Kide guztiak izanen gara elkarlanean gure aukerak aztertu eta proiektuak planteatzen hasiko garenak.

Euskal Herriko bertze kasuak erreferentziatzat hartu dituzue?

Eskualdean Berako BixtuBera kooperatiba da gure prozesuarekin antza haundien duen adibidea, segitutako pausoen hurrenkera berdina izan da bi kasuotan; udalak bulkatutako partaidetza prozesu baten ondotik energia komunitatea eratu da, eta ondotik planteatu dira proiektuak. Baztanen ere energia berriztagarrien autokontsumo kolektiboaren aldeko apustua egin dute, Berroetan eta Anizen adibidez, baina haien kasuan panel fotovoltaikoen proiektuak nahiko aitzinatuak dituzte eta berriki hasi dira elkarteak sortzen. Inguruko adibide hauek ezagutu ditugu baina ez gara haietan oinarritu; nahiko argi ikusi dugu gure herriaren ezaugarriak eta beharrak kontuan hartu behar genituela eta horietan oinarritu behar genuela elkartzea sortzeko.

Zein helburu dituzue?

Estatutuetan helburu anitz zehaztu ditugu, baina hauek aipatuko nituzke: autosufizientzia energetikoa lortzea; herritarrak energiaren arloan ahalduntzea; ingurumenaren defentsa; iturri berriztagarrien erabilera ohitura aldatzea; energia kontsumoaren aurrezpena; energia urrakortasunari aurre egitea; mugikortasun iraunkorra sustatzea; eta tokiko zerbitzuekin lankidetza sare bat sortzea. Laburbilduz, ingurumen eta gizarte onurak eta abantaila ekonomikoak eskaini nahi ditugu.

Talde eragilean parte hartu duten zenbait herritar.

Zenbat kide zarete taldean?

Talde eragilean 10-12 pertsona ibili gara eta bazkide izateko hasmentako inskripzioan bertze 18 lagunek eman dute izena. Epe hori herritarren interesa neurtzeko baliatu dugu, eguzki panelen proiektuari begira batez ere, baina hemendik aitzinera edozein momentutan egin ahal izanen da elkarteko bazkide.

«Familia guztiek autokontsumorako aukera bermatua izateko formulak adostuko ditugu»

Bea MUJIKA JORAJURIA

Estatutuetan planteatu duzuena bortz jardueretan laburbildu duzue. Zein dira?

Lehenbiziko, autokontsumorako energia berriztagarriak sortzeko proiektuak eta instalazioak sustatzea eta kudeatzea. Hau da seguraski energia komunitate baten inguruan solastatzean burura etortzen zaigun lehenbiziko jarduera. Bigarrena, egoera ahulean dauden familiei autokontsumoa erraztu nahi diegu: elkarteko bazkideek eta proiektuetako partaideek formulak adostuko ditugu familia guztiek autokontsumorako aukera bermatua izan dezaten. Hirugarrena, aprobetxamendu energetikorako baliabide naturalen erabilera jasangarria sustatu nahi dugu; kontsumitu behar dugun energia bakarrik sortu nahi dugu. Ez du zentzurik frontoiko teilatua panelez estaltzeak, herena betetzen duten panelek sortutakoa bakarrik kontsumitu behar badugu. Laugarrena, energia eraginkortasunari eta energia berriztagarriei inguruko dibulgazioa, aholkularitza, sentsibilizazioa eta prestakuntza ematea; solasaldiak, tailerrak… herritarrak ahalduntzeko eta kontsumo ohituretan aldaketak sustatzeko. Azkenik, mugikortasun iraunkorra sustatzeko jarduerak; adibidez, bizikleta elektrikoak herritarren eskura paratuz edo ibilgailu elektrikoa kargatzeko gunea sortuz.

Zein proiektu dituzue buruan?

Bazkideon beharretatik eta proposamenetatik abiatuta prestatuko ditugu proiektuak, gure testuinguruak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta. Buruan ditugun proiektuan artean, nagusia frontoiko nahiz eskolako estalkietan panel fotovoltaikoak paratzea da.

Eperik zehaztu duzue?

Epe motzean egingarria izan daitekeela iruditzen zaigu. Lehendabizi bazkideon artean nortzuk parte hartu nahi dugun zehaztu behar dugu, etxe edo familia bakoitzaren kontsumoaren azterketa egin, proiektua sortu, finantziazioa bilatu, dirulaguntzak eskatu… Lana haundia izanen da, baina eraikin publikoen teilatuak erabiltzeko udalaren prestutasuna edukitzea abiapuntu ona da.

Eta epe luzera zein asmo dituzue?

Epe ertain eta luzera, berriz, energiaren sorkuntzarako aukerak aztertzea dugu buruan: haizea, biomasa, ura… Horrez gain, bertzelako proiektu batzuk ere aurreikusi ditugu, ahal nola, ibilgailu partekatuaren sustapena, kargagailu elektrikoa ezartzea eta ikastaro, tailer nahiz solasaldiak antolatzea.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Amaiurtarrak Urkilo Komunitate Energetikoan parte hartzera animatu nahi nituzke, eta zalantzarik edo kezkarik izanez gero, zuzendaritza batzordeko kideren batekin edo talde eragilean lanean ibili garen edozeinekin harremanetan jartzea aholkatuko nioke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun