Baztango Batzar Nagusiak Nekazaritza Politika Bateratuaren edo PACaren aurtengo irizpideak finkatu zituen urtarrilean. Bertzeak bertze, aziendek mendi librean edo bazkalekuetan egon beharreko guttieneko denbora finkatu zuten; behien kasuan, erraterako, bi hilabete eta erdikoa.
Aurten «behi aunitz» sartu dira Belateko bazkaleku komunaletan, «eta hainbat nekazarik instantzia bidez adierazi dute dagoeneko bazka nahikorik ez dagoela». Hori dela eta, Batzar Nagusiko kideek eta mendizainek, «aziendaren ongizatea bermatze aldera eta salbuespen gisa, heldu den uztailaren 25etik aitzinera behiak Belatetik ateratzeko baimena ematea erabaki dute, guttieneko denbora bete gabe».
Azaldu dutenez, «Belaten sartu den azienda kantitatea haunditzeak eragin du bazka eskasia, beraz, hetsitura komunalek jasan dezaketen gehieneko abere zamari buruzko azterlana garatuko da». Heldu den urtera begira, «Belate, Erdiz eta Lizartzunen sar daitekeen azienda kopuruari onarpen mugak ezartzea erabaki da».
Uztailaren 25etik aitzinera azienda ateratzea erabakitzen duenek udalean jakinari beharko dute, erregistroan dagokion jakinarazpena aurkeztuta. Adierazi dutenez, «salbuespen gisa ateratzen ahalko dute azienda eta ez du eraginik izanen NPBan deklaratzeko hektareak lortzeko hartutako konpromisoetan».