Brigada Morea martxan paratuko dute Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 18a, 15:00

Gerta daitezkeen indarkeria sexista edota sexualen kasuak saihestea eta horiei arreta zuzena ematea izanen du helburu

Iñarrosi Gazte Feministen Taldeak Brigada Morea antolatuko du hirugarren urtez Elizondoko bestetan eta Baztandarren Biltzarreko asteburuan. Emakume eta sexu-disidente boluntarioek osatu dute brigada, Baztango Udalaren laguntzarekin. Horretarako, prestakuntza minimo bat hartu dute eraso matxistak, sexualak eta LGTBIQ+fobikoak prebenitzeko eta artatzeko.

Brigadaren helburua «pertsona guziendako ingurune segurua eta errespetuzkoa bermatzea da, edozein izanik haien generoa, sexu-orientazioa edo genero-identitatea, baita eraso posibleen aitzinean lehen erantzuna eman, erasoa pairatu duen edo dutenak informatu, bidean lagundu eta, hala eskatuz gero, aholkatuz».

Brigada Morearen lau eginkizun nagusi nabarmendu dituzte:
  • Prebentzioa: Komunitatea sentsibilizatzea eta ingurune segurua eta errespetuzkoa sustatzea. Kartelak eta pankartak paratuko dira besta guneetan brigadak badirela adieraziz eta bestak errespetuz bizitzeko eskaera eginez.
  • Informazioa: protokoloari buruzko informazioa eskaintzea, erasoei erantzuteko eskubideei, zerbitzuei eta baliabideei buruzko kontsultei erantzutea eta biktimei arreta emateko baliabideei eta zerbitzuei buruzko informazioa eta sarbidea eskaintzea.
  • Arreta: Edozein motatako eraso sexista edo sexual pairatu dutenei berehalako arreta, babesa, informazioa, laguntza eta akonpainamendua eskaintzea.
  • Erantzun soziala: jakinarazten zaizkien gorabehera guziak erregistratu eta, besten ondotik, ebaluazio bilerak eginen dira boluntarioekin eta besten arduradunekin, eman beharreko erantzuna baloratzeko.

Brigadako kideak zapi moreak izanen dituzte erraz identifikatzeko, eta edozein eraso gertatuz gero, «berehalako segurtasuna eta laguntza eskainiko diete erasoa pairatu duten pertsonei, eskura dauden zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa emanez, laguntza emozionala eskainiz eta, beharrezkoa bada, mediku eta segurtasun zerbitzuei edo kasu bakoitzean beharrezkoak izan daitezkeen bertze zerbitzu batzuetara lagunduz. Gainera, gertakaria erregistratuko dute eta gertakariari erantzun soziala emateko aukerari buruzko informazioa emanen dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun