«Kartelarekin pertsona oro identifikatua sentitzea nahi dut»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 6a, 08:00

«Pertsona lasaia, sortzailea eta alaia». Halaxe definitu du bere burua Saioa Ligos 21 urteko gazteak. Elizondon sortua ez bada ere, 4 urterekin etorri zen gurasoekin Amurriotik, eta ongi ezagutzen ditu bertako bestak. Pedagogia ikasketak egiten ari da Donostian, baina arte plastikoak ditu zaletasun, eta Baztandarren Biltzarrako kartela sortzeaz arduratu da aurten.

Arteari dagokionez, nola egiten duzu lan?

Era guzietako materialarekin esperimentatzea gustatzen zait; akrilikoak, pastelak, errotuladoreak, akuarelak… baina arkatza beti izanen da nire eremu segurua. Diseinuaren kasuan, lehendabizi eskuz egiten ditut gauzak, eta gero garbira pasatu boligrafo edo errotuladoreekin. Baina egia da arte digitala muga dudala; batxilergoan aplikazio batzuen erabilera eman bagenuen ere, ez naiz hain ongi moldatzen.

Zein formakuntza duzu?

Nire prestakuntza artistikoa, titulu baten formaltasunetik kanpo, pertsonala da. Ttikitatik aunitz gustatu izan zait artea bere forma guzietan, eta aunitz marraztu dut nire kabuz bizitza osoan. Lekaroz Institutuan batxilergo zientifikoa hasi nuen, baina artistikora aldatzea erabaki nuen eta Iturraman ikasi nuen, horrek suposatzen zuen guziarekin: egunero Iruñeraino joatea, jende berria ezagutzea… Gaur egun, gizarte zientzietako karrera bat egin eta alderdi artistikoa nolabait 'baztertua' izan arren, lan pertsonal batzuk egiten segitzen dut, batez ere hurbileko jendearendako koadroak. Adibidez, azkenekoa Sorollaren Musua koadroaren irudikapen propioa izan da, opari baterako.

Nola sortu zitzaizun Baztandarreneko kartela diseinatzeko aukera?

Elkarteko Kattalin Arizmendik proposatu zidan, eta eskertzen diot nigan pentsatu izana. Ilusio haundia egin zidan erran zidanean, ez nuen espero. Hasieran zirriborro bat eskatu zidaten, eta kosta egin zitzaidan ideia zehatz bat ateratzea, baina hainbat gauza bidali ondotik, azken ideia behin betikoa izan zen. Oniritzia ematean, xehetasunak sakonago egin nituen.

«Euskal kultura osoa irudikatzen duen besta da Baztandarren Biltzarra»

Nolakoa izan da prozesua?

Argi neukan Baztango armarria agertzea nahi nuela, baita kolore eta mugimendu haundia izatea ere, hortaz, hasieratik nahi izan nuen jendea dantzan agertzea. Hasmentako irudiak konplexuagoak ziren, eta prozesuan sinplifikatuz joan ziren. Lehenik janzkera tradizionalak islatzen dituzten bi pertsonak egin nituen, baina kalkatzeko teknika aunitz erabiltzen ditudanez, bi irudiak konbinatzea bururatu zitzaidan. Nolabait, kartela eta mezua eskutik hartuta garatu ziren. Ideia nagusia sortzeak suposatu zidan lan gehiena, horren ondotik arinagoa eta eramangarriagoa izan zen. Digitalera pasatzeko orduan lagun on batek, Saioa Maritorenak lagundu ninduen lehenbizi, eta behin betikoa pasatzeko Juan Angel Perotxenaren laguntza izan dut.

Zer irudikatu nahi izan duzu?

Jantzi tradizionalekin lotutako genero estereotipoen haustura irudikatu nahi izan dut; norbera bere egiazko nortasuna adierazteko aske senti dadin, epaituta edo diskriminatuta izateko beldurrik gabe. Janzkera adierazpen kultural eta pertsonalerako modu bat da, eta ez du gure esentzia mugatzen duen oztopo bat izan behar. Kartela begiratzen duen pertsona oro identifikatua sentitzea nahi dut, besta eder honetara etortzen diren guziak ongietorriak eta onartuak sentitzea.

Zer da zuretako Baztandarren Biltzarra?

Bertako kultura eta ohiturak nabarmentzen dituen eguna. Besta antolatzeko haraneko jendearen borondatezko parte hartzea azpimarratzekoa da. Aipatzekoa da ere herri bakoitzak orga bat egiteko hartzen duen lana, xehetasun guziekin sortzeko prozesua eta antzezpenak, Baztango kulturaren eta gizartearen alderdiak islatzen dutenak. Baztango sustrairik ez dudan arren, hainbertze urtez ikusi eta bizi izan dut besta eta erran nezake musikarekin, dantzekin, jantziekin etab. identifikatuta sentitzen naizela, euskal kultura osoa irudikatzen duelakoz. Hazten joan naizen heinean, bestaren erranahia ezagutzen eta baloratzen ikasi dut, eta aunitz gozatzen dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun